Ane, Naxara eta Uxue

«Ferietan postua paratuko dugu Ikasbidaia antolatzeko»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 26a, 15:00

Lekarozko institutuko 4. DBHko ikasleak dira Ane Urreaga, Naxara Aleman eta Uxue Bikondo, eta urteroko ohiturari segituz, Aste Santuan ikasbidaiara joateko prestatzen hasi dira klasekideekin batera. 50 bat ikaslek parte hartuko dute aurten bidaian eta Saloura joanen dira bortz egunez.

Ikasleak «arras gogotsu» daude bidaiarako; «bidean paintballean arituko gara joanaldiari xarma emateko eta hain astuna ez izateko. Behin Salouera ailegatuta, hainbat jarduera eginen ditugu bertan egunero. Horietako egun batean Port Aventura jolas parkera joanen gara eta egun osoa pasatuko dugu bertan. Hondartzara joateko intentzioa ere dugu, eta gabaz lagunekin ongi pasatuko dugu Salouetik barna».

Bidaiaren antolakuntza

Bidaia egiteko ezinbertzekoa da sosa, eta ikasleek argi dute dirua lortzeko mugitu behar direla; «maiatzean Herri Urratseko autobusa antolatu genuen, eta aurtengo Nafarroa Oinezera joateko autobusa ere antolatu dugu. Orain ferietako salmenta prestatzen ari gara». Dena koordinatzea ez da erraza, eta bilerak egiten dituzte «gauzak eztabaidatzeko eta denon artean erabakiak hartzeko».
Ferietako postua prest
Elizondoko ferietan, ohikoa den bezala, postua paratuko dute plazan. Bertan, jertseak eta poltsak izanen dira salgai, ikasleek egindako diseinuarekin: «joan den uztailean aukeratu genuen diseinua; aukera bat baino gehiago egin genituen eta bozketa bidez Xuban Saharrearena hautatu genuen». Hau izan da aukeratutako diseinua:

250 jertse eta 100 poltsa inguru eskatu dituzte; «beltzan, berdean eta grisean. Jertseak 20 eurotan egonen dira salgai eta poltsak 10-12 eurotan». Horrez gain, pintxoak eta boletoak salduko dituzte, «eta tonbola ere eginen dugu. Egun osoa pasatuko dugu hor». Azkenik, feria egunetan jendea postura hurbiltzera animatu dute; «aunitz eskertuko genuke gure jertseak eta poltsak erostera etorriko bazinate!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun