Koronabirusa

Elizondoko zahar etxetik Lekarozera eramanak zituzten xahar guztiak itzuli dira Elizondora

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 17a, 13:24
Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxean koronabirusean negatibo emana zuten 32 egoiliar Lekarozko Aspaceren egoitzara lekualdatu zituzten apirilaren 12an.

Apirilaren 12an Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxean koronabirusean negatibo emana zuten 32 egoiliar Lekarozko Aspaceren egoitzara lekualdatu zituzten. Ortziralean itzuli ziren Elizondora oraindik Lekarozen zeuden azkeneko lau egoiliarrak. Dena den, zaharren egoitzan kutsatutako 76 egoiliarretatik 18 hil dira, 1 ospitalean dago eta 10 isolamendu gunean.

Duela hilabete bat Elizondoko zahar etxean zeuden 155 egoiliarrei koronabirusaren testa egin zieten eta 76 positibo eman zuten. Kopuru horretatik 44k ez zuten sintomarik, nahiz eta kutsatuak egon. Eta gaitzaren proban negatibo eman zuten egoiliarretatik 36 Lekarozera eramatea erabaki zuten orduan, han Aspacek kudeatzen duen aterpetxera.

Hilabete geroago, egoera aldatu da. Gaixotasunaren estatistikek baieztatzen dute adineko pertsona bakarra dagoela ospitaleratuta. Bertze 10 zahar etxean bertan isolatuta daude. Ustez Covid-19arekin kutsatuta 18 hil dira eta, orain, 133 egoiliar daude Francisco Joaquín Iriarte zahar etxean.

Lau langilek bajarekin segitzen dute

Langileen artean ere bilakaera nabarmena izan da. Plantilla osatzen duten 85 langileetatik 19k gaixotasunaren sintomak zituzten. Gaur egun, horietako lauk bajan segitzen dute, zuzendaritzak jakinarazi duenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun