Elizondokoa izan da zahar etxeko kide guztiei probak egin zaizkien Nafarroako lehendabizikoa eta 148 egoiliarretatik 76k positibo eman zuten. Kutsatutakoetatik 44k ez zuten sintomarik, kopuru osoaren %30ak; eta langileen kasuan ere, bakarraren berri izana zuten: «batek aspaldian eman zuen positibo eta alta hartzeko bete beharreko 15 egunak bete berriak zituen. Lanean hastekoa zen baina arriskua ikusita ez da hasi» argitu zuen zuzendariak. Positibo eman zuten bertze 12k ez zuten ondoezik sentitu.
Zahar etxeko 36 egoiliar Lekarozko Aspace zentrora eraman zituzten
«Egokiena hasieratik egitea izanen litzatekeela» jakitun da zahar etxeko zuzendari den Maria Jesus Beunza. Izan ere, emaitzak jaso bitartean, «langileak lanean aritu dira, kutsatuak zeudela eta birusaren eramaile zirela jakin gabe». Dena den, gaineratu duenez, «hasieran ez zegoen test nahikorik».
Egoeraren berri izateak «hemendik aitzinera hobe lan egiten» lagunduko diela adierazi du Beunzak: «bakoitzaren egoera ezaguturik taldeka eta bakoitzari egokitutako protokoloekin lan egiteko modua izanen dugu, banaketa eta espazio zabalagoarekin».
72 egoiliar kutsatu gabe
Kutsatu gabekoak, berriz, 72 egoiliar dira (%48) eta, babestu ahal izateko, igandean 36 egoiliar Lekarozko Aspaceren zentrora eraman zituzten Gurutze Gorriko langileek eta boluntarioek. Gainerako 32 lagun zentroan bertan gelditu dira eta 4 euren etxeetara bueltatu dira.
Desinfekzio lanak
Lekualdatze neurriez gain, desinfekzio lanak ere egin dituzte zahar etxean. Suhiltzaileak igandean egun osoz garbiketan aritu ziren.