COVID-19: Elkarrizketak

«Zahar etxetik kanpo Baztanen ez da Nafarroako bertze eremuetan baino positibo gehiago izan»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 17a, 07:30

Iñaki Marcos Zorrozak joan den azaroan hartu zuen Baztango osasun zentroko zuzendari nagusiaren kargua. Lehen ere bertze lau urtez ardura hori izandakoa da.

Iñaki MARCOS ZORROZA, Baztango Osasun Zentroko zuzendaria

TTIPI-TTAPAk hartzen duen eskualdeko datuei erreparatuz, badirudi Baztan bilakatu dela COVID-19aren foku nagusia. Hortxe daude koronabirusean positibo eman duten gehienak. Edo behintzat horixe ondoriozta daiteke Osasunbideak egunero argitaratzen dituen estatistiketatik. Zenbaki horiek, ordea, «zahar etxeko positiboen ondorio» direla adierazi du Iñaki Marcos Zorroza Baztango Osasun Zentroko zuzendariak eta nabarmendu duenez, «kontsultategietan ez dugu hainbertze kasurik izan».

Azaroan berrartu zuen Iñaki Marcos Zorrozak Baztango Osasun Zentroko zuzendari kargua. Ardura ez du ezezaguna, «lehen ere lau urtez egon nintzelako». Koronabirusa tarteko sortu den egoera, ordea, bai, berria da beretako eta bere lankideendako. «Datuak, neurriak eta berriak egunero aldatzen» direla dio eta etengabe Osasunbidearekin harremanetan daudela baieztatu digu: «Astean behin bideo-konferentzia egiten dugu Lehen Mailako Arretako zuzendaritzarekin». Baztango errealitatearen lekuko zuzena denak eman digu bertako egoera zehatzaren berri.

Datu ofizialen arabera, eta eskualdeko datuei erreparatuz, Baztanen daude koronabirus kasu gehien. Badirudi eskualdean foku nagusietako bat dela...
Zahar etxeko datuen ondorio da hori, baina zahar etxetik kanpo Baztanen ez da Nafarroako bertze eremuetan baino kasu positibo gehiago izan. Mediku kontsultategietan positibo batzuk izan ditugu, baina ez bertze eremuetan baino gehiago. Are gehiago, orain dela hamar egun zahar etxean positiboak agertzen hasi ziren arte, Baztanen koronabirusa dutenen kopurua ttikia zen, mila biztanleko bi edo horrela ziren. Zahar etxean kasuak agertzen hasi zirenean egin zuen kopuruak goiti eta aurreikuspenen arabera, zahar etxeetan %70ak positibo emanen du.

«Nafarroako Gobernuak ematen dituen datuak Osasunbidearen bitartez egindako PCR proban positibo eman dutenak dira. Enpresa pribatuen bitartez egindakoak ez ditu kontuan hartzen, horiek fidagarritasuna bermatzen ez dutela iritzita»

Osasunbideak oinarrizko osasun eremuka ematen dituen datuen arabera, 39 dira orain arte Baztanen positiboak. Zahar etxean, ordea, 76 kasu positibo baieztatu zituzten. Datuak ez datoz bat. Zergatik?
Nafarroako Gobernuak oinarrizko osasun eremuka ematen dituen datuak Osasunbidearen bitartez egindako PCR proban positibo eman dutenak dira. Elizondoko zahar etxeak, ordea, kudeaketa pribatua izanik, egin dituen PCR probak bere aldetik egin ditu, enpresa pribatu baten bitartez. Hori da datuak bat ez etortzearen arrazoia. Dena den, aipatu behar da orain arte Baztanen positibo eman duten 39 horien artean zahar etxeko 25 kasu ere badirela, Osasunbidearen bitartez proba egin dutenak direlako. Horiei, bide pribatutik egindako probetan positibo eman dutenak gehitu behar zaizkie, guztira 76. Nafarroako Gobernuak jakinarazia du ez duela PCR proba pribaturik onartuko, horiek fidagarritasuna bermatzen ez dutela iritzita.

Zein dira Baztanen positibo eman dutenen ezaugarriak?
Gehienak adinekoak dira, 80 urtetik goitikoak, eta horien artean batez ere, lehendik patologiak dituztenak dira: hipertentsioa, bihotzeko arazoak, giltzurruneko arazoak, arnasketa arazoak... Halakoetan errazagoa da gaixotzea.

Nafarroan, koronabirusaren ondorioz hil direnen erdia baino gehiago zahar etxeetan hil dira. Nolakoak dira portzentajeak Baztanen?
Egunero aldatzen den kopurua da. Orain arte lau hildako izan dira zahar etxean eta zahar etxetik kanpo hiru. Baina bihar alderantziz izan daiteke.

 «Koronabirusa duenaren susmoa dugunean, telefonoz artatzen ditugu. Beharra denean baino ez gara  joaten etxeetara, eta behar diren babes neurriak hartuta»

Baztango kontsultategietan zein duzue egoera?
Oraingoz lanean ongi ari gara. Mediku bakoitzak bere lanpostuan segitzen du eta martxoaren 13an konfinamendua indarrean sartu zenetik asteburuetako larrialdi kasuak artatzen zituen mediku bat baino ez da gaixotu. Gainerako langileen artean ez da positiborik izan. Elizondoko osasun zentroan arnasketa arazoak dituztenendako eremu bat egokitu genuen eta gainerakoan, ustezko koronabirus kasuak, ahal den neurrian, telefono bidez artatzen ditugu, protokoloak agindu bezala. Eguneroko martxan, Urdazubi, Arizkun, Elizondo, Irurita eta Oronozko kontsultategiek ez dute gainezka egin eta kontsulta gehienak telefonoz egiten ari gara. Pazienteek nahiago dute osasun zentrora ez hurbildu, birusa horietan baitago kontzentratuta. Hortaz, posible bada bederen, zenbat eta harreman guttiago izan osasun zentroarekin, orduan eta hobe. Koronabirusa duenaren susmoa dugunean, berriz, egunero telefono bidezko jarraipena egiten diogu pazienteari eta desorekatuta duen sintomaren bat baldin badu, egun batean baino gehiagotan sukarra baldin badu, disnea edo arnasteko arazoak baldin baditu edo bertze sintomaren bat baldin badu, etxera bisitan joaten gara. Hori bai, Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) eta bertzelako babes neurri guztiak hartuta. Egoeraren arabera, plakak egitera edo larrialdietara ere bidaltzen ditugu.

«Jaso ditugun test azkarrek biztanleria sailkatzeko aukera eskainiko digute»

Testak egiten dituzue?
Hasieran osasun arloko profesionalei testa egiteko agindu ziguten. Apirilaren 14an, berriz, test azkarrak bidaliko zizkigutela jakinarazi ziguten. Zahar etxeko egoiliar guztiei, osasun etxeko langile guztiei eta sintomak dituztenei eginen dizkiegu test azkarrak. Nafarroako Gobernuak 15.000 test azkar banatuko ditu lehen mailako arreta eskaintzen duten kontsultategietan. Test azkar horiek, ordea, muga bat dute: zazpigarren egunetik aitzinera ematen dute positibo, gorputzak defentsak sortzen dituenean. Test horrek antigorputzak neurtzen ditu eta ez du bereizten gaixotasuna pasatua duzun edo une horretan pasatzen ari zaren. Hala, positibo eman dutenei gero PCR proba egin beharko zaie; positiboa ematen badu gaixo asintomatikoa dela erran nahiko du, hau da, birusa izan bai baina sintomarik ez duela, eta negatiboa bada dagoeneko pasatua duela eta babestua dagoenaren seinale izanen da. Biztanleria sailkatzeko aukera eskainiko digu. Hori aste honetako neurria da, egun batetik bertzera aldatzen dira.

Baliabide aldetik nahikoa baduzue?
Orain bai. Hasieran, gaixotasuna agertu berria zenean, zalantzak eta esperientzia falta ziren nagusi. Maskarak, eskularruak, gela eta etxeetara joateko Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) behar zirela bagenekien baina... Orain ailegatu dira eta nahikoa badugula erraten ahal dugu. Herritarrek etxean egindako maskarak bidali dizkigute, babeserako pantailak ere bidali dizkigute, albaitariek bertzelako materiala eman digute eta orain ez dugu material faltarik.

Segurtasuna bermatua duzue?
Herritarren %80k sintomarik ez duela diote eta ezin dugu guregana datorrenak koronabirusa duen ala ez jakin. Baina printzipioz segurtasun neurriak betetzen ari gara eta guti goiti-beheiti seguru ari garela erran dezakegu.

Baztango herritarren artean kezka sumatzen duzue?
Adinekoen artean bai, baina hori Baztanen eta toki guztietan. Hasiera batean, telebista eta irrati bidez informazio bonbardaketa jaso genuen; koronabirusak adinekoei eragiten ziela, ospitaleak gainezka zeudela... Horiek adituta adinekoengan beldurra sumatzen zen. Orain, ordea, egoera lasaitu dela erranen nuke eta jendea lasaiago dagoela ematen du. Hori bai, zahar etxean senitartekoren bat dutenak kezkatuta daude.

«Ez dakigu jendea osasun etxera etortzeko beldurrez minari etxean eusten ari den edo zergatik den baina gainerako patologia kasuek beheiti egin dute»

Ondoko egunak eta asteak nolakoak espero dituzue?
Zaila da jakitea. Osasun alderditik begiratuz, gainerako patologiek beheiti egin dute. Ez dakigu jendea osasun etxera etortzeko beldurrez minari etxean eusten ari delako ote den edo zergatik den. Ikusiko dugu. Gainerakoan, ez dakigu koronabirusak nolako bilakaera izanen duen. Puntu gorenera ailegatu dela eta beheitirako joera hartuko duela erraten dute, eta hala izatea espero dugu. Zahar etxean ere neurriak hartu dituzte, eremuak banatu eta negatibo eman dutenak Lekarozko aterpera eraman dituzte. Egun bat eta hamalau egun artean egon daiteke inkubatzen gizaki baten gorputzean eta hortaz, gaixorik egonagatik handik hamalau egunetara ager daitezke sintomak. Horregatik hartu dira neurriak eta maskarak erabiltzea eta zerbait ukitzean eskuak garbitzea garrantzitsua da.

Konfinamendu egoerak positibo kopurua kontrolatzen lagundu duela uste duzu?
Herritarren artean, orokorrean bai. Baina zahar etxeen eredua berrikusi beharko dela erraten hasiak dira. Hau dena pasatzen denean, denetariko azterketak eginen direlakoan nago, langilegoaren ratioak egokiak diren aztertuko dute eta zahar etxeek horrelakoak izan behar duten edo independentzia gehiago izan eta pisu tutelatuen gisakoak izan behar duten ere aztertuko dute.

Adinekoengan jarria da arreta, baina haur eta gazteen artean ere kezkatzeko gaia da?
17 urtetik beheitikoetan kasuren bat edo bertze izan dela aditu dugu, baina kasu larriak izatea arraroa da. Normalean, gazte jendeak katarro arrunt bat bezala pasatzen du. Adinekoen artean %20ak gaizki pasa dezake eta gazteetan bi milatik edo milatik batek. Adinekoengan jarria da arreta, gaixotasuna edozein dela ere, beraiek direlako ahulenak.

Jendea jakitun da egoeraren larritasunaz?
Karrikan ikusten dudanaren arabera, orain kontziente dela erranen nuke. Jendea norbera ongi izatea ez dela aski konturatzen hasia da, agian birusa izan dezakeelako eta bere familiari transmititu diezaiokeelako. Komertzioetan ere neurriak hartuak dituzte.

«Espero dezagun gripearen birusarekin gertatzen dena ez gertatzea COVID-19arekin eta ez mutatzea. Hala bada, txerto eraginkorra lortzean, adinekoek eta arriskua dutenek babes neurria izanen dute»

Zein aldaketa ekarriko ditu koronabirusak?
Zaila da erantzutea. Orain hartu dugun kontzientziazioak irauten duen bitartean, distantzia soziala mantendu eta eskuen garbitasunarekin segituko dugu. Noiz arte irauten duen ikusiko dugu. Lehen ere izan dira halako pandemiak, baina beharbada gure belaunaldiak ez du halakorik ezagutu eta ez dakit nola erantzunen duen. Hala ere, nik uste koronabirusa gure oroimenean geldituko dela, batez ere gaizki pasatu dutenen eta senitartekoak galdu dituzten horien oroimenean. Txertoa lehenbailehen ateratzea da gakoa, hori izanen baita hau geldiarazteko modua. Txerto eraginkorra lortzen dugunean, adinekoak eta arriskua duen jendeak babesa izanen dute. Txerto horrek prebentzio neurri gisa funtzionatuko du, ez bada behintzat mutatzen. Eta hori ere kezka-iturri da. Gripearen birusa urtero aldatzen da, eta aurten immuneak direnek heldu den urtean berriz izan dezakete gripea. Espero dezagun COVID-19arekin ez gauza bera gertatzea, ea ez den mutatu eta urtero aldatzen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun