Postuz postuko erronda pagotxaren bila
Ortziralean eta larunbatean, egun osoz, postu batetik bertzerako joan-etorrian ibiltzeko aukerarik ez da faltako. Galtzerdiak, atorrak, oinetakoak… datozen hilabeteetan goxo goxo ibiltzeko mota guztietako produktuak eskaintzen dituzte batetik eta bertzetik etorritako saltzaileek. Tartean, artisau eta ekoizleek ere beren txokoa izaten dute jatekoak, bitxiak, egurrez egindako tresneriak… salduz. Baratxuriak ere ferietako bertze klasikoa izaten dira eta ziur horiek ere ez direla faltako aurtengoan. Denera 200 postu inguru izatea aurreikusten dute antolatzaileek, beraz, batean edo bertzean izanen da poltsikoa astintzeko aukera.
Elkartasunerako tartea
Saharako herritarrei laguntzeko asmoz Saharaztan elkarteak antolatzen duen tonbolak ere ez du hutsik eginen. Elkartasuna adierazi eta zortea lagun opariren batekin etxeratzeko aukera ere izanen dute bisitariek.
400 abelburu baino gehiagoren erakustoki
Elizondoko Merkatu Plazak garai bateko itxura hartzen du feria eguneko ortziralean. Urriaren 27an, goizeko 10etatik aitzinera inguruko abeltzainek plazaratutako hainbat abelburu ikusteko aukera izanen da. Banaz bertze, 100 bat zaltabere: zaldiak, astoak eta poniak; 250 bat ardi inguru; 20 bat behi eta aurten lehenbiziko aldiz 30 bat ahuntz nano ere eramanen dituzte. Abeltzainek egiten duten lanaren zati bat ikusteko aukera izaten da bisitarientzat eta aitortu digutenez, traturen bat ere egiten da tartean. Aurten gainera, trikitilariek saioa eskainiko dute larunbat goizean, giroa alaituz.
Herri-kirolak arratsaldean
Herri-kirolak ferietako ezinbertzeko osagaia izaten dira. Bazkari legea egin ondotik, 18:00etan aizkora apustua antolatu dute Baztan pilotalekuan. Iker Vicente eta Josean Etxeberria, Donato Larretxea eta Anjel Arrospideren kontra ariko dira. 1.000 euro jarri dituzte jokoan eta sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko dituzte.
Makineria ikusi, probatu eta erosteko aukera
Negurako prestatzeko, hamaika lan egin behar izaten dira udazkenean etxean eta inguruan. Horren jakitun, sasoiko lan horietan aritzeko beharrezko makineria eta tresneria karrikara ateratzen dute saltzaileek. Produktuak bertatik bertara ikusteko aukera ona izaten da bezeroentzat eta saltzaileentzat, zuzeneko hartu-emana izatekoa.
Aroz-berri saltokiko Jon Urrutiak azaldu digunez normalki betiko bezeroak izaten dira, «nekazal munduan denok ezagutzen dugu elkar. Hala ere, azokaren aitzakian etorri den bezero berriren bat ere izaten da beti». Beraiek «traktoreak, belarra ebaki, bueltatu eta bolak egiteko makinak, egurra lehertzekoak, ongarria zabaltzekoak…» jartzen dituzte salgai eta «interesa erakutsi edota erosten dutenak batzu batzuk izaten dira».
Biok Bat tailerrekoek ere urteak daramatzate beren produktuak karrikara ateratzen «hogei urtetik goiti» azaldu digu Jon Larregi jabeak: «Goizalde ostatuaren parean jartzen dugu gure postua». Denetarik izaten omen dute bertan salgai, baina batez ere, urte sasoi honetan beharrezkoa den makineria: «motozerrak, haize-ematekoak, traktoreak, egurra lehertzeko makinak, segadorak...». Lanean hasteko material faltak behintzat ez luke aitzakia izan behar.