Zonaldeari bultzada bat emateko moduak aurkitzea da bere lanaren ardatza eta, horretarako, «Nafarroako Gobernuko atal desberdinetako egitasmoak lurraldera ekartzen lagundu, dinamizatu eta zabaldu behar ditugu ere».
Lehiaketa-enkantearen antolakuntza
Bere zereginen artean dago Pirinioetako behi-azienda lehiaketa-enkantea antolatzea: «antolakuntza batzorde bat osatu dugu eta hainbatetan biltzen gara urtean zehar, gure artean ardurak, erantzukizunak eta eginbeharreko lan zehatzak banatuz». Antolakuntza batzorde honi dagozkio: «data eta egitaraua adostea eta osatzea, parte-hartzaile guzti-guztiekin harremanetan jartzea, publizitatea egitea, prentsaurrekoak deitu eta hedabideei informazioa ematea.. zereginen zerrenda luzea da oso». Aurtengoa izan da lehiaketa dela eta, astebukaera guztia Elizondon pasatu duen lehenengoa: «benetan, oso giro polita, jatorra eta zintzoa sumatu dut. Ezagutzen ez nituen hainbat gauzetaz jabetzeko aukera izan dut, esaterako, horrelako feria batera azienda ekartzeko aurretik eta denbora luzez egin behar den lanaren zati txiki batetaz; abeltzainek egiten duten esfortzua eta ilusioa ere nabaritu ditut, beraientzat elkargune ere bihurtzen baita. Elkartu, konpartitu, ikusi, ikasi…».
Abeltzainen lanaren erakusleiho
Abeltzainek egindako lanaren erakusleihoa ere badira Elizondon antolatzen diren lehiaketa eta enkanteak: «halere, astebukaera bat ez da nahikoa jabetzeko eta benetan lan guzti hau ezagutzeko. Abeltzainek egiten duten lanaz jabetzeko, beraien larruan jarri eta beraiek bezala bizi beharko ginateke denboralditxo bat bada ere!
Lehenengo sektoreari bultzada
Hain juxtu, eskualdean landu beharreko arloen artean, lehenbiziko sektorearen egoera aipatu du: «dagokion balioa eman beharko genioke eta horretan, administrazio eta erakundeek, gizarteak eta nekazari eta abeltzainek, denok, dugu gure betebeharra eta ardura». Hasteko, administrazio eta erakundeek tramiteak eta baimenak erraztu beharko lituzketela uste du: «bai epeei dagokienez eta baita betebeharrei dagokienez ere. Eta legedia eta diru-laguntzak gaur egungo egoerara eta errealitatera egokitu beharko lituzkete».
Sektoreari dagokion balioa ematea ere funtsezkoa da: «administrazioek bertako produktuen kontsumoa eta herritarrek, bertan ekoizten diren produktuak kontsumitu, bertakoa erosi eta honekin elikatzea». Produktu hauen presentzia gure egunerokoan areagotzea proposatzen du:«etxeetan, eskoletan ikasgai bezala eta baita jangeletan ere, jatetxeetan, elkarteetan, ostatuetan…».
Lan aukera eta bizimodu gisa
Nekazaritza eta abeltzaintza eredutzat hartzea ere ezinbestekoa da: «lan aukera eta bizimodu gisa ulertu behar dugu, dagokion duintasuna aitortuz. Nekazari eta abeltzainek ere gizarte osoari egiten dioten ekarmena balioan jarri beharko genuke». Eta tartean, bide berriak ere jorratu beharra dago: «ustiapenen kudeaketarako formula berriak aztertu (kooperatibak, kudeaketa partekatua…) eta ustiapen eta belaunaldien erreleboa ahalbideratu eta suspertu behar da».
Etorkizuna
Badaki lan saila dagoela egiteko, baina, argi du datozen urteetan zein norantzatan egin behar den lan. Lehenengo sektorean, «gazteen eskutik eta formula berritzaileak erabiliz, ustiapenen hazkundea izatea eta ekoizleen eta transformatzaileen elkarlana ere indartzea». Turismo eta ostalaritza arloan, «2020rako sektorea erabat profesionalizatua egotea eta sektorean jarduten duten gehiengoak egituratuta egotea, elkarlanerako eta elkarri laguntzeko antolatuta». Merkataritza arloan, «denda itxieraren jarioa etetea, alde batetik, sustatzaile berriei esker eta bestetik, hemen, eskualde osoan, bertako produktuak kontsumitzeko aukera lehenetsi delako, barne ekonomia bultzatuz eta indartuz». Guzti hau lortzeko, zonaldeak duen baliabide preziatuena giza-baliabidea dela uste du: «biztanlegoa eskualdearen garapenerako helburu amankomun eta jakin batzuekin erabat konprometituta, erantzukizunez arduratuta, gogotsu eta aktibo».