Udazkeneko ferien antolakuntza
Azken hilabeteetan Udazkeneko feriak antolatzen aritu da buru-belarri: «alkate, kargodun eta bertze bizpahiru lagunen artean antolatzen dugu guztia». Aurretik eta egunean berean izaten dute zeregina: «aitzineko urtetatik lan haundia egina dago, postuak paratzen diren karriken planoak, erraterako, baina bertze hainbat gauza lotu beharrak izaten dira». Feria egun borobila izan dadin: «abeltzainekin solastu behar da jakiteko zenbat buru ekarri behar dituzten Merkatu Plaza antolatu ahal izateko; ferianteekin ere bai, jakiteko zenbat heldu diren eta zenbat metro behar dituzten karrikan kokatzeko». Azken hauena urte batetik bertzera lotzen ahal dela ere azaldu digu: «nahi izanez gero errepikatzen ahal dutelako eta libre gelditzen diren lekuak feriante berriekin betetzen direlako». Urtetik urtera geroz eta postu gehiago izaten dira karriketan: «zenbaki zehatzik errateko gai ez naiz, baina urtetik urtera saltzaile gehiago etortzen dira. Feriante aunitzek deitzen dute etorri nahi dutelako eta saiatzen gara denendako leku egiten».
Azienda erakusketa berpiztuta
Aziendak dira goizeko bertze protagonistak: «duela urte batzuk nahiko motel ibili zen azienda erakusketa baina orain gehiago izaten da, gehienbat zaldiak eta ardiak eta astoren bat ere bai». Herrian saltsa izateko, bertzelako ekitaldiak antolatzen ere saiatzen dira: «aurten Merkatu Plazan trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen eta arratsaldean aizkora erakustaldia izanen da Baztan frontoian».
Egitarauan aldaketa handiegirik ez
Urtetan ez dira aldatu ferien osagaiak: «nik beti ezagutu dut feria orain den bezala. Ortzirale goizean nekazaritzako tresneria eta azienda eta arratsaldean eta larunbatean postuak». Eta berrikuntzarik ez duten arren, gustura ibiltzen da Alazne herriko karriketan barna egun horietan. Aurten ere ez du hutsik eginen: «ortzirale goizean azienda sartzen ikusi ondotik, buelta bat emanen dugu ferianteekin pixka bat solasteko eta heldu den urtean berriz etorri nahi badute zer egin behar duten azaltzeko eta gero bazkaltzera joanen gara. Larunbatean lasaiago postuetatik buelta bat emanen dut». Egun horietan herrian izaten den giro berezia nabarmendu nahi izan du: «nik uste baserritarrendako oraindik ere egun berezia dela. Aunitz goizetik etortzen dira aziendak ikusi, gustura bazkaldu eta arratsaldean buelta bat ematera eta larunbatean ere etortzen dira zerbait erostera».
Inguruko abeltzain aunitzen bilgune bihurtzen da Merkatu Plaza eta postuz postuko bueltaxka egitera ere xoko guztietatik etortzen da jendea. Horrek, bere ustez, mesede egiten die bertze sektoreei eta orokorrean baita herri osoari ere: «Elizondon egia errateko lehenengo sektora ez dago sobera indartsu, nahiz eta baserri batzuk badiren. Baztango herri guztietatik ekartzen dituzte aziendak. Gurean, zerbitzuak dira nagusi, dendak, ostatuak... hauendako ere feriak ongi heldu dira, jende aunitz ibiltzen delako herrian eta hori denendako ona da».
Aziendak ukuiluetan prest, salgaiak ongi antolatuta eta bestarako giroa airean. Dagoeneko, urriaren 27 eta 28an egunak nola argitzen duen ikustea bertzerik ez da falta: «ea eguraldiak laguntzen duen. Denok gonbidatuak zaudete Elizondoko ferietara etortzera. Animatu zaitezte!».