«Sobera burokrazia bada, abeltzainei lagundu egin behar zaie eta ez trabak jarri»

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 24a, 09:24
Azpilkuetako Bizarreneko Fermin Barazabal, aretxearekin.

Fermin BARAZABAL • Azpilkuetako abeltzaina

Azpilkuetako Bizarrenea baserrian jaio eta bertan bizi da Fermin: «aziendak betitik ikusi izan ditut etxean eta nik ere horretan segi dut afizioz». Lesakako lantegiko lana eta afizioa uztartu ditu urtetan: «emaz­teak ere laguntzen dit eta eskerrak, denen beharra baita».

 

 

1964tik lehiaketa-enkantea antolatzen

Elizondon egiten den lehiaketa-enkantearen barrenak aski ongi ezagutzen ditu Ferminek. Afizioak bultzatuta eta aita eta aitxari segika, aziendak aurkeztu eta sariak irabazi izan ditu hainbatetan.  Baina parte-hartzaile baino gehiago antolaketa lanetan aritzeagatik da ezaguna: «ez da gaur arratseko kontua, hamasei urterekin hasi nintzen antolakuntza lanetan. Urte batzuk joan dira... 1964tik honat ari naiz horretan». Bera izanen da beteranoena antolakuntza batzordeko kideen artean: «Baztango Udaleko Juan Kruz Iriarte zinegotzia, Aspina elkarteko Patxi Aranguren, Cederna Garalurreko Marian Cestau eta baztango hiru abeltzain boluntario biltzen gara».

Egun bateko ekitaldiaren gibelean, «ikusten ez den lan aunitz dago gibelean. Aunitz ordu behar da pasatu hor lanean». Lanik gogorrena «dirua biltzea izaten da. Eskean ibili behar hori... Bertze lanetan badugu aunitz urtetako esperientzia eta egiten da franko aisa». 

 

Udazkeneko feriak gozatzeko

Lana soilik ez, ongi pasatzeko aukera ere ematen die aziendek. Elizondoko udaz­keneko feriak ailegatzen direnean: «urtero joaten naiz, hutsik egin gabe». Goizean goizetik, gai­nera, «aziendak aurkezten ditut jendeak ikus ditzan. Bederatziak aldera  aurkezten ditugu eta egun osoa ematen dugu bertan». Azienda erakusketak salerosketarako aukera ere ematen duela azaldu digu: «beti izaten da aukera bakarren bat saltzeko. Edo ez bada momentuan saltzen, jendeak ikusi eta gero etorri egi­ten zaizu baserrira eske. Plaza ona da, egiten dugun lana erakusteko manera». Lagun giroaz gozatzeko aukera ere ema­ten du feriak: «batekin eta bestearekin solastu, ezagunak ikusi. Egun polita izaten da, konpletoa. Bertan bazkaldu eta postuetatik buelta ere ematen dugu».

 

Etorkizunak kezka

Erraten duen hitz bakoitzean agerian gera­tzen da inguruko paisaia, animaliei... dien maitasuna. Horregatik, kezkatuta solasten du abeltzainen etorkizunaz galdetutakoan: «etxean aziendak izatea zaila da oso. Ingurura begiratu bertzerik ez dago, geroz eta gutiago geratzen dira. Sobera traba eta burokrazia bada». Egoera hobetzeko, Frantziako eredua aipatu du: «Frantzian aziendak mendira eramateagatik dirua ordaintzen dizute. Hemen kobratu egiten dute, bada diferentzia animalekoa. Mendiak garbi nahi dituzte han, ho­rrela ez da suteen beldurrik.  Hemen ez zaio horri behatzen, mendiak sasiz josi, suteak izan eta guztia hondatzeak ez du inporta». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun