Sarako Idazleen Biltzarrak Anne-Marie Lagarde eta Marikita Tambourin sarituko ditu

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 3a

Sarako Idazleen 43. Biltzarra eginen dute Pazko Astelehenean. 77 salmahai eta hainbat ekitaldi prest dituzte.

Pazko astelehenean zabalduko ditu ateak Sarako Idazleen Biltzarraren 43. edizioak, Kultura landu, herria josi goiburupean. Hala, apirilaren 6an eta 7an (profesionalen eguna izanen baita asteartea) berrogeita hiru urte betetzen dituen literatur ekitaldiak Ipar Euskal Herriko kultur agenda markatuko du bertze urte batez. 77 salmahai izanen dituen liburu azoka, liburu aurkezpenak, ikuskizunak, tailerrak, erakusketa eta idazleen presentzia segurtatuak dira. Igandean, hiru emazte kantari gogoan gaualdia ere antolatu dute.

Egitaraua

Biltzarraren bezperan, apirilaren 5ean, igandean 18:00etan, Hiru emazte kantari gogoan kontzertua izanen dute Santa Katalina kaperan. Joan den mendeko hiru emakume kantari, Estitxu, Lurdes Iriondo eta Maite Idirin gogoan izanen dituzte gaur egungo bertze hiruren ahotsek (Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles Arangiz)

Biltzarra Pazko astelehenean, apirilaren 6an abiatuko da. 10:00etatik 19:00etara eginen dute liburu azoka kiroldegian. Hainbat liburu aurkezpen eta mahai inguru ere izanen dituzte erabilera anitzeko luzatze gelan. 10:30etik 16:30era Sarako Mediatekak haurren xokoa ezarriko du karparen azpian. Joanes Etxebestek (Pontx pailazoa), IKA, EKE eta Sarako Herriko Etxeak lagundurik, irakurketa euskaraz sustatzeko Hostoz Hosto proiektua sortu dute. Egindako lanak erakutsiak izanen dira Sarako Idazleen Biltzarrean ere.

  • 11:00etatik 13:30era kamishibai tailerra eskainiko dute, bi urtez goitiko haurrendako, mediatekaren eskutik.
  • 12:15ean Biltzarreko sariak emanen zaizkie aurten Marikita Tambourini eta Anne-Marie Legarderi.
  • 14:30ean Fafa&Baptiste saratarren kontzertua kiroldegian.
  • 17:15ean Etxean liburuaren aurkezpena, drag emanaldi baten bidez. Liburua Dom Campistronek sortua eta Haran Ubel elkarte feministak argitaratua (2025). Ael Campistronek antzeztua.

Egun osoan, Larrungo koloreak elkarteren erakusketa Suharriagan.

 

Profesionalen eguna asteartean

Apirilaren 7a, asteartea, Euskal kultur Erakundeak, Bilketa sareak eta Sarako Biltzarrak profesionalen eguna antolatu dute Lurberrin. Euskal literatura eta itzulpena izanen dute gaia. Horren inguruko solasaldiak izanen dituzte, 09:00etatik 17:00etara. Tartean, bazkaria ere izanen dute. Izena ematea dohainik izanen da, baina beharrezkoa: bilketa@bayonne.fr helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun