Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketa deitu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 31

Lesakako sanferminak iragartzeko kartela eta programako azalerako eta gibeleko azalerako lanak aurkez daitezke dagoeneko.

2026ko sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako Udalak, herrian sortu edota bertan bizi direnentzat. Lanak herriko etxeko bulegoetan aurkezteko epea apirilaren 24ko 13:00etan bukatuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz.

Aurten ere azalaren neurria 210x210 mm-koa izanen da osotara (3 mm-ko tartearekin). Kartela, aldiz, ohikoa baino ttikiagoa izanen da, DIN A3 neurrikoa (297x420 mm-koa). Derrigorrez, Lesaka 2026ko Sanferminak agertu beharko du bietan. Azalak marrazkiz edo argazkiz eginak aurkez daitezke, baina marrazketaren teknika erabiliz gero, digitalizatuta ere egon beharko da eta bi bertsioak aurkeztu beharko dira. Ezin izanen da adimen artifizialik erabili

Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria izanen dute. Egile berak ezin izanen ditu bi sariak irabazi. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakan sortu edo bertan erroldatuak dauden 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du udalak. Hauen lanak ere (210x210 mm-ko neurrian) apirilaren 24rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen saria izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

Herri bozketak erabakiko ditu irabazleak

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da. Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, botoa emateko aukera izanen dute Lesakan sortuak edo bertan erroldatuak direnek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun