Hostoz hosto proiektuko Irakurketa euskaraz besta eginen dute martxoaren 31n Saran

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 27a

Liburu aurkezpen bat joan den urtean Sarako Mediatekan.

Sarako mediatekako bi bolondresek eta Joanes Etxebeste saratarrak eramandako Hostoz Hosto proiektua bururatuko da martxoaren 31n , Irakurketa euskaraz besta batean. Buruilean, IKASek prestatutako materialarekin, haurtzaindegitik Sarako hiru eskoletako ikasle guziendako euskaraz gozatzeko irakurketaren inguruan proiektua plantan ezarri zuten.

Hostoz Hosto proiektuaren logotipoa.

Haurtzaindegiko haurtzainek atxikitzen dituzten eta ama eskoletako ttikienendako irakurketa animatuak egin dituzte. Lehen mailako ikasleendako eleberriak, albumak edo komikiak jokoen bitartez landu dituzte. Ikasleek sortutako lanak erakutsiak izanen dira martxoaren 31n besta egunean, baita apirilaren 6an Idazleen Biltzarrean ere.

Martxoaren 31n, asteartea goizean txikiendako (haurtzaindegiko eta lehen mailako lehen urteko ikasleentzat) irakurketa animatua izanen da Omordia gelan (sorpresa izanen dute). Eta arratsaldean lehen mailako ikasle guziendako Joanes Etxebeste, Nerea Elizalde eta Asier Burgete arituko dira joko animazioak egiten. Publikoari itxia izanen da ekitaldia.

Euskaraz irakurtzeko haziak erein dituzte, agian loratuko dira …

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun