Nola definituko zenuke zeure burua?
Pertsona kurios, lasai, irritsu eta pazientzia haundikoa. Gauzak ongi eta bururaino egitea eta jendea ezagutzea maite dut.
Zein dira zure zaletasunak?
Mendian ibiltzea edo lasterka egitea, herriko kultura ekitaldietan parte hartzea eta gozatzea, irakurtzea eta maite dudan jendearekin egotea.
Inauteak gustuko dituzu?
Bai, izugarri. Euskal Herriko inauteen aberastasunak eta aniztasunak beti erakarri izan nau, leku bakoitzak bere berezitasuna baitu. Maite dut herritarrak nola elkartzen diren, eta haien pertsonaiaren paperean nola sartzen diren.
Zein dituzu ttikitako oroitzapenak herriko inauteetan?
Zaila da erratea, urtez urte desberdinak izaten baitira! Baina gogoan dut aski ongi pasatzen nuela, eta abentura ederrak bizitu nituela.
Eta gaur egun, zer da gehien gustuko duzuna?
Kamioian izaten den giroa da gehien gustuko dudana; kantuz, dantzan, irriz… Borda batetik bertzera joateko ibilaldiak ere maite ditut, belaian lasterka, lurrean txiribueltak…
Aurten ez zara herrian izanen inauteetan. Pena haundia?
Pixka bat bai, herriko besta hoberenetarikoa izaten baita niretzat. Baina ondoko urtean bertan izanen naiz faltarik gabe!
Zer dute berezi Zugarramurdiko inauteek?
Kamioiez joatea bordaz borda, eta urte osoan sekula joaten ez naizen lekuetatik pasatzea. Xoko zoragarrien inguruan bizi garela ohartzen naiz orduan!
Zein nahiago dituzu, erositako mozorroak edo etxean egindakoak?
Etxean egindakoak, dudarik gabe, zeren baduzunarekin asmatu behar duzu zerbait, irudimena baliatuz.
Eta besta girotzeko zein musika duzu gustukoen?
Urtero Urdazubiko trikitilaria heldu da gure inauteak girotzera, eta hark ditu kanten doinuak eta euskal dantzak jotzen, beharrik! Gauean dantzatzeko edozein kantu egokia zait, reggaetona salbu.
Zure asmoak epe motzera?
Ez dut asmo berezirik epe motzera.
Eta epe luzera?
Etxebizitza propio bat ukan nahiko nuke noizbait.