Larunbatean irekiko dituzte Lizuniaga, Lizarieta eta Sarako pasabideak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 25a, 17:30
Spitz prefetaren aginduz eta «terrorismoaren kontra» egitearen aitzakiarekin, urtarrilaren 14an hetsi zituzten Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide.

Sud Ouest egunkariak gaur arratsaldean jakitera eman duenez, «Éric Spitz prefetak baiezkoa eman dio Nafarroako Gobernuak pasabideak irekitzeari buruz egina zuen eskaerari» eta larunbat honetan, martxoak 27, berriz irekiko dituzte Lizuniaga (Sara-Bera), Lizarieta (Sara-Etxalar) eta Berruet Bentako pasabideak. Igarobide hauek ia hiru hilabetez hetsi izanak nabarmen kaltetu du inguruko herritarren eta mugaz gaindiko langileen eguneroko bizitza.

Frantziako Gobernuak, «terrorismoaren kontra» egitearen aitzakia hartuta, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugako zortzi pasabide hetsi zituen urtarrilaren 14an. Geroztik, herritarrek protesta andana egin dituzte pasabide horietan, eta lekuko hautetsiek ere egoera salatu dute behin eta berriz. Euskal Hirigune Elkargoko Jean Rene Etxegarai lehendakariak, iragan astean, Eric Spitz prefetari mugak irekitzeko gutun bat helarazi zion. Bada, hetsiak diren zortzi pasabideetatik hiru irekitzea agindu du orain prefetak, larunbat honetatik goiti: Lizuniagako eta Lizarrietako lepoak, eta Sara eta Zugarramurdi arteko Berruet bentako pasabidea.

Hetsiak segituko dute bortz pasabide hauek:

  • Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen ontzia;
  • Hendaiako merkantzia zubia;
  • Izpegiko lepoa (Erratzu-Baigorri);
  • Aldudeko ibarreko pasabidea;
  • Iturzaetako lepoa (Larraine-Abodi).
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun