Etxegaraik prefetari bidali dion idatzian, mugako zortzi pasabideak hetsita bi aldeetara bizi diren herritarren eta langileen zirkulazioa mugatzen duela jakinarazi dio, baita erabakiak erreakzio ugari sortu dituela ere, herritarren zein udal ordezkarien artean.
«Azken egunotan Joseba Erremundegi elkargoko ordezkaria mugaren bi aldeetara dauden herrietako udal ordezkariekin mintzatu da» hortik ondorioztatu dute bi lepo horiek lehentasuna dutela, «inguruko herritarrentzat eta langileentzat egunerokoan duen garrantziagatik»
Joan den astean prefeta bera pasabide horietako batzuen irekiera eztabaidatzeko prest agertu zela oroitarazi dio Etxegaraik idatzian, baita irekitzeko lehentasuna zeinek zuten galdegin zuela ere. Horri erantzunez, hirigune elkargoko lehendakariak hetsiak dauden pasabide guztiak irekitzeko galdegin dio, «mugaren bi aldeetara bizi diren herritarren familia arrazoiak, arrazoi profesionalak edo pertsonalak» argudiatuz. Hala ere, lehentasunari buruzko galderari erantzunez, Etxegaraik bi pasabidek lehentasuna dutela jakinarazi dio prefetari: Lizuniagako eta Izpegiko lepoak. Gaineratu duenez, «azken egunotan Joseba Erremundegi elkargoko ordezkaria mugaren bi aldeetara dauden herrietako udal ordezkariekin mintzatu da» hortik ondorioztatu dute bi lepo horiek lehentasuna dutela, «inguruko herritarrentzat eta langileentzat egunerokoan duen garrantziagatik».
«Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko», ilbeltzaren 14an hetsi zituzten Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide, «2020ko urte bukaeraz geroztik atentatuen arriskua handia zela» erranez. Tartean Lizuniagako lepoa, Lizarietako lepoa, Berruet bentako pasabidea eta Izpegiko lepoa daude hetsiak, eta geroztik irekitzeko eskatuz hainbat protesta egin dituzte. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak otsail bukaera baino lehen ez zutela irekiko adierazi zuen, baina martxoa badoan arren, oraingoz denek hetsiak segitzen dute.