«Hausnarketatik konpromisora. Eskualdeko Gizon Taldea sendotzen ari da eta bidea egiten segituko du». Hala azpimarratu dute urte hasieran gizonen taldea martxan paratu zuten Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango Berdintasun Zerbitzuek. 2026ko urtarriletik ekainera bitarte hilabetero bildu da taldea Eraikiz kolektiboaren laguntzarekin, eta berdintasun zerbitzuek esplikatu dutenez, «sei hilabete hauetan gizonek berdintasunaren inguruan hausnartzeko, elkar entzuteko eta beren bizipenak partekatzeko espazio egonkorra eta segurua eraiki dute».
Ez hori bakarrik: «Saioetan, genero rolek eta maskulinitate tradizionalak gizonengan eta emakumeengan dituzten ondorioak aztertu dituzte; pribilegio maskulinoak, eguneroko diskriminazioak eta emakumeen kontrako indarkeria matxistak sostengatzen dituzten jarrera eta portaerak identifikatu eta landu dituzte».
Irailetik aitzinera berriz
Berdintasun zerbitzuek zehaztu dutenez, «parte hartzaileek hagitz balorazio positiboa» egin dute «sortutako konfiantza giroa, elkarri aditzeko aukera eta hausnarketak eguneroko bizitzan izan duen eragina nabarmendu dituzte». Gehiago ere bai: «Gaur egun errazago identifikatzen dituzte lehen oharkabean pasatzen zitzaizkien jokabide matxistak, eta kontzientzia handiagoz begiratzen diete beren harremanei eta emakumeek bizi dituzten desberdintasunei».
Udako hilabeteetan atseden hartuta, irailean hasiko da berriz taldea biltzen, eta orain artekoek segitzeko intentzioa omen dute. Bidenabar, Bortziriak, Malerreka-Bertizarana, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta Xaretako bertze gizonezkoei taldearekin bat egiteko deia egin diete, «ez da inolako ezagutzarik behar; interesa, jakin-mina eta berdintasunaren alde hausnartzeko eta inplikatzeko gogoa baino ez. Berdintasunaren aldeko bidea ezin da emakumeen bizkar gainean bakarrik utzi; gizonen, herriko eragileen eta jendarte osoaren konpromisoa eta inplikazioa ezinbertzekoak dira aldaketa erreal bat lortzeko. Abiatu dugun bide hau etengabeko prozesu baten lehenbiziko pausoa bertzerik ez da».
Heldu den ikasturteko antolakuntza bilera irailaren 18an eginen dute, Donezteben.
Informazio gehiago edo izena emateko, jarri harremanetan Bortzirietako, Malerrekako edo Baztango Berdintasun Zerbitzuekin.