EDUKI BABESTUA

Voltis Energia Nafarroaren iparraldean eta Gipuzkoan zabaltzen ari da: «Teknologiari esker energiaren sektorea aldatzen ari da»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

Nicolás Immízcozek eta Xabier Catalánek sortu zuten Zizurren egoitza duen Voltis Energia konpainia.

Mila biztanleko udal batek uste baino argindar kontratu gehiago kudeatzen ditu: karrikako argiak, kultur etxea, pilotalekua, ur biltegia, eskola eta elkartearen lokala. Hogei edo hogeita hamar hornidura puntu izan daitezke, hainbat kontutara ailegatzen diren fakturatan sakabanatuta. Eta inork ez ditu guztiak batera aztertzen, ez baitago horretaz arduratzen den inor. Hogei langileko enpresa batean ere antzeko zerbait gertatzen da: nagusiak badaki hilean zenbat ordaintzen duen, baina ez daki eguneko zer ordutan xahutzen duen diru gehien.

Energia aholkularitzan hasi eta energia kudeatzeko software propioa garatu duen Nafarroako enpresak sare komertziala indartu du Nafarroaren iparraldean eta Gipuzkoan. Industria eta udalak ditu jomugan.

Hutsune hori bete nahi du Voltis Energiak. Zizurren egoitza duen konpainia Nicolás Imízcozek eta Xabier Catalánek sortu zuten. Orain, egitura komertziala indartu du Nafarroako iparraldean eta Gipuzkoan presentzia handitzeko; orain arte, noizean behin baino ez zen aritzen eremu horretan.

Erabakiak badu logika. Iparraldeko eskualdeetan industria txiki eta ertainak pisu handia du —metalgintza, eraldaketa, elikagaien industria…—, eta enpresek kontsumo handia eta ekoizpen ordutegi zehatzak dituzte. Halakoetan, neurketa egokiak alde handia eragin dezake. Horri udalerri sare sakabanatua gehitu behar zaio: udalek hornidura puntu ugari kudeatzen dituzte, elkarrengandik urrun eta, maiz, energia arloko teknikaririk gabe. «Teknologiak energiaren sektorea aldatzen ari da, eta aukerarik handiena orain arte inork begiratu ez duen tokian dago», dio Imízcozek.

Lehenik neurtu, gero erabaki

Bezeroengana hurbiltzeko modua beti bera da, eta enpresaren hazkundea ulertzeko gakoa ere bada: doako diagnostiko teknikoa eskaintzen dute, inolako konpromisorik eta iraupen loturarik gabe. Kontsumo datuak sistemara konektatu, eta zifra zehatz bat jartzen dute mahai gainean: zenbat aurrez daitekeen. Bezeroak ezetz esaten badu, hor amaitzen da dena. Baietz esaten badu, neurketa sistema konektatu eta plataforma abian jartzen dute.

Bide horri esker, 700 bezero baino gehiago ditu gaur egun Voltisek, eta, enpresaren arabera, bezeroek batez beste %26 aurrezten dute. Dena den, datua kontsumoaren, tarifaren eta azkenean ezartzen diren neurrien araberakoa dela ohartarazi dute.

Teknologia guztia plataforma bakarrean

Teknologia propioa dago horren guztiaren atzean, eta horixe da Voltis ohiko merkaturatzaileetatik bereizten duena. Plataformak instalazio, ekoizpen lerro eta prozesu bakoitzaren kontsumoa denbora errealean neurtzen du, eta ez ohiko kontsumorik hautemanez gero, abisua bidaltzen du. Iragarpen sistema batek gasaren eta argindarraren merkatuen bilakaerari jarraitzen dio, energia unerik egokienean erosteko. Horrez gain, Energia Aurrezteko Ziurtagiriak (CAE) izapidetzen ditu; mekanismo horri esker, aurreztutako kilowatt-orduak diru bihur daitezke. Adimen artifiziala kalkulu guztietan erabiltzen dute, baina konpainiak azpimarratzen du azken erabakiak pertsonek hartzen dituztela.

Denen artean erostea, hor dago gakoa

Lanaren beste alderdia ez da hain ikusgarria, baina eguneroko jardunean pisu handia du. Voltisek hainbat bezeroren kontsumoak bateratu eta guztien izenean negoziatzen du; erosketa handietan bezala, zenbat eta bolumen handiagoa izan, orduan eta prezio hobea lor daiteke. Horrela, tailer batek, gaztandegi batek edo mila biztanleko udal batek enpresa aisa handiago baten pareko prezioak lor ditzake. Hortik aurrera, udalak lehen aldiz ikus ditzake faktura guztiak batera, eta urteetan ezkutuan egon diren gorabeherak azaleratzen dira: ur biltegiko ponpa eguneko ordurik garestienean martxan, pilotalekuko argiak asteburuan piztuta edo dagoeneko erabiltzen ez den potentzia bati dagokion tarifa kontratatuta.

Aurrera begira

Imízcozek eta Catalánek diote energiaren digitalizazioa dagoeneko ez dela industria handien eta hiriburuen kontua. Nafarroaren iparraldean dagoen enpresa edo udal batentzat, galdera nagusia ez da energia zenbat kostatzen zaion, baizik eta, inoiz neurtu ez duelako, zenbat ari den gehiegi ordaintzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun