Zuberoko Sohütan eskaini dituzte Lurdes Iriondo pastoralaren hiru emanaldiak

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 1a

'Lurdes Iriondo' Pastorala eskaini dute hirutan Sohütan (Zuberoa). Lehen emanaldia uztailaren 19an egin zuten. Argazkia: Ainara Maia Urroz

Iragan astean, uztailaren 19an, Zuberoko Sohütako (Sorhoetako) Hoki auzoan Lurdes Iriondo pastoralaren lehen emanaldia eskaini zuten eta horren kronika egin du Ainara Maia Urroze.

Sohütako Hokira iritsi aitzin, Ospitalepea eta Hoki auzoaren arteko bidegurutzean gelditu ginen Irundik gindoazen bi lagun: Le Panoramique ostatuak Batsarri houn oroer (Ongi etorri denei) batez agurtu gintuen, eta bazkari-legea egin genuen 14:00ak inguruan, gazna eta patea garagarnoz lagundurik. Han lehen lagun euskaldun batzuk ikusi genituen, eta Joxe Mari Iriondo kazetari ezaguna agurtu genuen, Lurdes Iriondoren senitartekoa eta 60 eta 70eko hamarkadan rol garrantzitsua izan zuena euskal kantagintza modernoa bultzatzen Herri Irratiaren barnean.

Sabela beterik Hokiko belagietara arribatu ginen. Mendi hegian segaz idatzitako LURDES IRIONDO izenak ongietorria egiten zigun iristen ginenoi; iragarpen soil bat baino gehiago zen, hau da, egun hartako omenaldiaren ikurra.

Eguzki beroaren azpian, 15:30ean hasi zen ikuskizuna, eta jende ugari bildu zen, ekitaldi berezi hartaz gozatzeko. Gu gira Euskadiko gaztedi berria kantatüz sentitu genuen garaiak aldatu arren, gure borrokak bere horretan segitzen duela, gauzak ez direla aldatu funtsean. Labeguerieren eragina nabarmena izan zen Ez dok Amairu mugimendua sortzeko hegoaldean, eta haien oihartzuna gugan durundi egin zuen. Oholtzaren gainean ez ezik, ikusleen artean lehen ilaran zegoen Jose Anjel Irigarai eguzkipean, irribarretsu, oholtzaren gaineko bere ispiluari (Irigarairen rola hartu zuen arizaleari) begira, adi-adi.

Pastoralean Ez dok Amairu taldeko kide ugari agertzen ziren, baina Lurdes Iriondo euskal kantari eta idazlearen bizitza eta obra ekarri zuten gogora. Iriondo, 1937an Urnietan jaioa, euskal kulturaren erreferente garrantzitsua izan zen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta haren abestiak euskal kantagintzaren klasiko bihurtu dira.

Pastoralaren hasieran, Lurdes Iriondoren haurtzaroa eta gaztaroa irudikatu zituzten, eta ondoren, haren ibilbide artistikoa eta euskal kulturaren alde egindako lana gogoratu zituzten. Ikuskizunean zehar, haren abesti ezagunenak entzun ahal izan ziren, hala nola Gazte gera gazte eta Hala ere.

Pastoralaren zuzendaria, Battitta Berrogain, eta idazleak, berriz Intza eta Leire Casamajou Elkegarai, gazte xiberotarsa ausartak. Azken urteetako pastoraletan ikusi dugun bezala, berrikuntzak (batzuek berrikeriak erranen lukete, agian) ugari ikusi ditugu pastoraletan, eta oraingo honetan ere pastoralaren ezinbesteko elementutzat ditudanak ez ditut ikusi, hala nola ardiak, artzainak, Xiberoko banderak, eta deabrüak. Bukaeran, Gaua etorri zitzaigun gainera malenkoniatsu, eta oholtzaren erdian Lurdes Iriondoz egiten zuen arizalearen ahotsaz soilik hunkitu ginen.

Berrikuntzak berrikuntza, tradizioa modernizatzeko saiakera horretan, badirudi gauza batzuk berdin jarraitzen dutela (hori izan zen pastorala ondorengo txosna-guneko zenbaitzuen errana); izan ere, duela 60 urte euskararen egoera larrian zen, eta oraindik ere borrokan segitu behar dugu euskara edota euskal kultura salbu ikusi arte, edota euskal kantarien duintasuna eta nolabaiteko profesionaltasuna babesteko.

Pastoralaren amaieran, ohikoa den enkantea izan zen, eta Xiberoko herriek gogor borrokatu zuten pastoralaren amaierako dantza egiteko. Pastoralaren lehen emanaldi honetan Barkoxeko dantzariek dantzatu zuten, hango herritarrek irabazi baitzuten enkantea!

Lurdes Iriondo pastoralaren bigarren emanaldia izan zen, uztailaren 24an, 20:30ean, eta uztailaren 26an, hirugarren eta azken emanaldia izan da, 09:30ean. Ikuskizun hori izan da azken emanaldia; izan ere, Lurdes Iriondori buruzko pastorala Hego Euskal Herrian egin beharko litzateke, adibidez, Donostian edo, agian, Urnietan berean. Ala?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun