Lotsagabekeria hutsa da Endesak (Enigma Green Power bere morroiaren bidez) Ikatz Gane izenarekin Ereñotzuko lurretan eraiki nahi duen parke eolikoa.
Lotsagabekeria hutsa da, ez dituelako aintzat hartzen Aranoko eta Ereñotzuko bizilagunak, baliatzen delako bi udalerri txikik ez dutela denborarik, dirurik eta baliabiderik halako proiektuei horren epe motzean erantzuteko: nork aztertu ditzake ehunka eta ehunka orri tekniko lau asteko epean? Herri txikion baliabide faltaz aprobetxatzen dira.
«Arano aipatu ere ia ez dute egiten proiektuan, ikusmen eta entzumen kalte handientsuenak Aranok jasoko baditu ere»
Lotsagabekeria hutsa da proiektu hori, Arano aipatu ere ia ez dutelako egiten proiektuan, ikusmen eta entzumen kalte handientsuenak Aranok jasoko baditu ere.
Lotsagabekeria hutsa da, proiektu teknikoak ez duelako aipatu ere egiten eraiki nahi duten parke horren ondo-ondoan, ia erroten palak elkarri joka daudela, beste parke eoliko bat eraikitzeko asmotan dabilela beste enpresa bat, Repsol. Jakingo ez balute bezala. Zilegi al da parke eoliko batek izango dituen kalteei buruzko azterketa batean aipatu ere ez egitea aldamenean beste parke eoliko bat eraiki nahi dutela, ongi asko dakitenean bi parkeek elkarrekin kalteak biderkatuko lituzketela?
«Zatiketa administratiboaz baliatu dira parkeak Nafarroa aldean, Aranon, sor ditzakeen kalteak ezkutatzeko»
Lotsagabekeria hutsa, iruzur administratiboa eta adar jotzea. Horixe da aurkeztu duten proiektua, zatiketa administratiboaz baliatu direlako parkeak Nafarroa aldean, Aranon, sor ditzakeen kalteak ezkutatzeko. Eusko Jaurlaritzak nulutzat jo beharko luke dokumentu hau, balizko beste parke hori aipatu ere ez egitea iruzur tekniko bat delako. Tramitaziora onartu beharko ote litzatekeen ere zalantzazkoa da, eta, gutxien-gutxienez, kautelaz eten beharko lukete.
Lotsagabekeria hutsa da proiektua, gainera, Espainiako sistema elektrikoak energia eolikoaren soberakinak dituelako, eta errotak ordu askotan geldirik egoten direlako, eta energia esportatu ere egiten ari direlako, eta, hala ere, Endesaren morroiak ez duelako halako obra erraldoi batek izango lukeen bideragarritasun ekonomikoari buruzko planik aurkeztu. Are okerragoa da, ikusita horrelako zenbat proiektu ari diren aurkezten aldi berean eta ia inolako kontrolik gabe. Bideragarritasun azterketa minimorik gabe nola onar liteke halako proiektuak aurkeztea? Lotsagabekeria hutsa da, ez horregatik guztiagatik bakarrik, baita Gipuzkoan horrelako proiektuetarako lurralde plan sektorialik ez egotearen utzikeriaz baliatzen ari direlako ere; far west bat balitz bezala ari dira proiektu burugabeak aurkezten, inolako kontrolik gabe, eta indartsuenaren eta azkarrenaren legea erabilita.
«Far west bat balitz bezala ari dira proiektu burugabeak aurkezten, inolako kontrolik gabe, eta indartsuenaren eta azkarrenaren legea erabilita»
Lotsagabekeria hutsa da, bai, Endesak kolonizatu nahi duen eremu horretan interes bereziko bost habitat, babesturiko zazpi landare, onddo espezie bat eta hamalau fauna espezie daudelako. Horietako batzuentzat, bailara horiek dira bizileku bakarra edo bakarretakoa. Tartean dira, esaterako, iratze paleotropikal batzuk, bertan umatzen den arrano beltza, eta Pirinioetako endemikoak diren espezie batzuk. Elektrizitate pixar bat sortzeko, berdin dio horiek akabatzeak eta desagerrarazteak. Zer trantsizio energetiko egingo dugu, horretarako biodibertsitate guztia zanpatu behar badugu? Nondik nora doa trantsizio hori? burugabekeriatik ezerezera?
«Zer trantsizio energetiko egingo dugu, horretarako biodibertsitate guztia zanpatu behar badugu?»
Lotsagabekeria bat dela ikusteko beste argudiorik behar duzu? Haize errotek izango duten eragin akustikoaren azterketa barregarria da: halako sistemek teorikoki izaten dituzten eraginak modu orokor batean aztertu ondoren, gero ez dago bost haize errota horiek, zehazki, ingurune horretan bertan sortuko duten kaltearen gaineko azterketarik. Eta horri, gero, aldamenean, beste parke eoliko bat gehitzen bazaio, eragina biderkatu egingo da. Ez dute lekura egokitutako azterketa akustiko serio bat ere egin.
Lotsagabekeria hutsa da, aurreko hori dena gutxi balitz, Euskal Herrian oso inguru natural gutxi gelditzen direlako; dena antropizatu dugu. Eta, halere, Ikatz Ganeko parke eolikoa eraiki nahi duten eremu hori oso aberatsa da, ia antropizatu gabea eta Aiako Harriko parke naturalaren eta Leitzarango bailararen arteko korridore ekologiko naturala da, gainera.
«Dena antropizatzen jarraitzen badugu, zer lur eremu babestuko dituzte instituzioek etorkizunean?»
Administrazio publikoek obligazio legala dute (Europak hala aginduta) beren lurraldearen %20 babestu eta berreskuratzeko, eta hondatutako ekosistemak berrosatzeko. Dena antropizatzen jarraitzen badugu, zer lur eremu babestuko dituzte instituzioek etorkizunean? Karreterak? Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak badute hor zer esana: saihestu beharko lituzkete debaldeko antropizazioak kalte gutxien duten eremu naturaletan etorkizunerako natur erreserbak edukitzeko. Baina, berdin dio: proiektu hau lotsagabekeria hutsa delako, eta helburu bakarra batzuen-batzuen patrikak betetzea delako; besteak beste, baso ustiaketan aritzen diren eta Aldundietan eskua sartuta duten egurzale sozietate eta enpresarien patrikak betetzeko. Euskal abizendun sozietate horiek, lehenik, dirutza atera dute basoaren bizkar eta, orain, indemnizazio polita jasoko dute bost axola zaizkien lurretan errotak jarriko dizkietelako.
Eta lotsagabekeria hutsa da, azkenik, proiektu honek ondare kulturalari barre egiten diolako. Bi esaldi besterik ez ditu idatzi Endesaren morroiak ia 700 orriko txostenean: «ondasun arkeologikoen eremua» ez du ukitzen proiektuak, eta: «beraz, ez dira aintzat hartu kalteak». Eremu megalitiko ikaragarri bat dago parkea eraiki nahi duten inguruan: hasi Oindditik, eta Mandoegiraino, tarteko mendi lepo guztietatik pasatuta; eta Etzion bertan ere badira ondasun arkeologikoak, haize errotak eraiki nahi dituzten eremutik bertan. Jaurlaritzaren agirietan ondareari buruz ezer ez agertzeak ez du esan nahi inguru horretan ez dagoenik ezer: esan nahi du ez dela ikertu behar beste. Eta zer egin du Endesak horren aurrean? Deus ez! Lurrak mugitzen hasi eta ondasunen bat topatuko balute, txikitzea libre.
«Ez da onargarria ia 700 orriko dokumentu batean ondarea babesteko inolako neurririk ez hartzea»
Ez da onargarria ia 700 orriko dokumentu batean ondarea babesteko inolako neurririk ez hartzea, obran erabiliko dituzten boten eta eskularruen ezaugarri teknikoak ere zehaztu dituztenean.
Esan dugu: lotsagabekeria hutsa da proiektu hau. Horregatik, Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenarekin bat egiteko eta aurkeztuko dugun herri helegitea babestu eta sinatzeko deia egiten dugu.
Helegiteak eskuragarri daude Goizuetako, Aranoko, Ereñotzuko eta Hernaniko hainbat establezimendutan eta Urumeako Mendiak Bizirik Telegram eta Whatsapp sareetan.