Zentral eolikoak eskualdean

Ikatz Gane proiektu eolikoari alegazioak aurkezteko epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 10a

Kontrako jarrera argia erakutsi dute Aranoko herritarrek.

Urumeako Mendiak Bizirik taldeak alegazio herritarra prestatu du eta sinadura bilketa hasi dute. 

Aurrera segitzen du Endesa enpresak Hernaniko lurretan, baina Aranotik gertu egin nahi duen 24,95 megawatteko Ikatz Gane proiektu eolikoak. Eusko Jaurlaritzak EAEko aldizkari ofizialean zabaldu zuen iragarkia otsailaren 23an eta apirilaren 10era arteko epea izanen da helegiteak aurkezteko. Horren aurrean, «antolatzeko» deia egin du Urumea Bizirik taldeak, «norbanako, eragile eta instituzioetatik eragiteko ordua» dela nabarmenduz. Alegazio herritarra prestatu eta sinadura bilketa hasi dute. Goizuetan Amaia kafetegian eta Aranoko Udaletxean jarri dituzte sinadura orriak. Inork online bete nahiko balu, dokumentua hemen deskargatu, bete eta sinatu eta umbizirik@gmail.com helbidera helarazi beharko du.

Mobilizaziorako deia ere egin dute. Martxoaren 12an, Hernaniko azokan egonen dira goizean zehar sinadurak biltzen eta arratsaldean, 18:30ean, elkarretaratzea eginen dute Zinkoenean eta hor ere sinatzeko aukera izanen da. Ez da hilabeteko hitzordu bakarra izanen: Martxoaren 27an, 18:30ean, Hernaniko Biteri kultur etxean Energia berriztagarrien sokatira hitzaldia antolatu dute. Iñaki Lasagabaster EHUko administrazio zuzenbideko katedraduna eta Aitziber Sarobe Filosofian eta Biologian doktorea izanen dira hizlariak.

Ikatz Gane proiektua

Hernaniko lurretan bost aerosorgailu jarri nahi dituzte, baina Urumea Bizirik taldeak jakinarazi duenez, «Aranori ere eragiten dion proiektua da». 200 bat metroko altuera izanen luketen eolikoak dira, 4,99 megawattekoa bakoitza. Hernaniko azpiestaziora joateko linea, berriz, 7,425 kilometroa izanen litzateke eta Hernaniko lurretan egin nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun