Bertzelako kontsumo eredu bat posible da

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 24a, 08:00
Ezkerretik hasita, Laura Elizagoien, Aloña Gonzalez eta Arantxa Isasti Bidaziren azokan.

Hamar urte beteko ditu aurten Bidazi Bidasoaldeko kontsumo elkarteak. Horren harira, orain arteko bidearen errepasoa egin dute Bidaziko hiru kidek TTIPI-TTAPArekin. Urteurrena ospatzeko urte osoan hainbat ekitaldi eginen dituzte.

Asteazkena da, Bidaziko ateak irekitzeko eguna. Dendako ordutegiaren aitzinetik produktuak txukuntzen harrapatu dugu Arantxa. Esne kaxak hemen eta jogurtak hor, produktu fresko gehiago hozkailuan, alde batean barazkiak eta frutak apaletan eta bertze aldean garbiketa eta higiene produktuak, lekaleak eta pastak erdian, kontserbak, zerealak... Agudo hurbildu zaio lehenbiziko bezeroa, gero bertze bat, segidan gehiago… Asteazken goiza da eta bada mugimendua.   

Azokako edo dendako atean, berriz, mezu hauxe: Hamar urte hauetan Bidazi lagun, egunez egun. Halaxe dio zintzilikatu duten egurrezko apaingarriak. Aurtengo urtea berezia baita, hamar urte beteko baititu Bidazi Bidasoaldeko kontsumo elkarteak. 

Urte hauetan Bidasoaldeko herritarren, baserritarren eta ekoizle ttikien bilgune bilakatu da eta hamargarren urteurrena aitzakiatzat hartuta, Bidaziren dendara hurbildu da TTIPI-TTAPA. Arantxa Isasti Balentziaga bazkidearekin eta bertako langilearekin, Aloña Gonzalez Bereau ekoizlearekin eta bazkidearekin eta Laura Elizagoien Ariztegi bazkidearekin bildu da. Urte osoko egitaraua prestatu dutela aitzindu dute.

Elizagoien, Gonzalez eta Isasti Bidaziko atean.

 
Herritik herriarentzat

Bidazi ez da ohiko denda bat. Auzolanetik sortutakoa da, bertzelako kontsumo eta ekoizpen ereduak bultzatu nahi zituzten herritar talde baten ekimenaren emaitza. «2006 aldera hamar-hamabi laguneko talde bat elkartu eta produktu ekologikoak elkarrekin erosi eta euren artean banatzeko biltzen hasi ziren. Hilabetero erosketa egin eta haietako baten garajean elkartzen ziren», kontatu dute. Huraxe izan zen honen guztiaren abiapuntua.

Gaiak, ordea, gero eta jende gehiagoren interesa piztu zuen, eta «2014ko udaberrian bertze pauso bat» ematea erabaki zuten: «Alkaiaga industrialdean Cederna Garalur elkartearen lokalean denda ireki zen. Azoka jende gehiagorengana ireki eta bazkide egiteko aukera zabaldu zen». 50 bat bazkide bildu ziren. Hantxe ibili ziren lau urtez, eta duela sei urte, «herrigunetik hurbilago kokatzeko eta hobeki integratzeko» helburuarekin, Berako San Esteban karrikara lekualdatu zuten lokala. «Hasier Iratzokirekin batera, lan handia egin zen eta bere eskutik hurbildu ginen herrigunera. Apustu handia izan zen». Hortxe segitzen dute gaur egun. Astelehen goizetan, asteazkenetan eta ortziraletan goizez eta arratsaldez, eta larunbat goizetan irekitzen dute; astegunez goizez, 10:30etik 13:30era eta arratsaldez 16:00etatik 19:30-era eta larunbatetan 09:30etik 13:00etara. Bazkide direnek eta ez direnek egin ditzakete erosketak. «2019-2020 aldera azoka bazkide ez den jendeari irekitzea erabaki zen eta pauso garrantzitsua izan zen».

Hasierako filosofia

Produktuen eskaintza haunditzen ari da urtetik urtera, baina, lehen eta orain, bi dira dendan salgai jarritako produktuen ezaugarri nagusiak: ekologikoak direla eta ahalik eta hurbilen ekoiztuak direla. Konparazio batera, hortxe daude Arantzako eta Zugarramurdiko barazkiak, Berako eztia eta haragia, Arizkungo arroltzeak, Anizko jogurtak eta gaztak, Nafarroako Erriberatik eta Nafarroako bertze toki batzuetatik ekarritako produktuak… 

Posible bada, lehenbizi produktua inguruan baden begiratzen dute, ez badago Nafarroara begira hasten dira eta hortik aitzinera ahalik eta hurbilen ekoitzitakoen bila. Hasierako oinarria ez da aldatu eta «osasunari garrantzia emanez, bertako ekonomia bultzatuz, lehenbiziko sektorea biziberrituz, kontsumo eta ekoizpen kontzientea eta arduratsua eginez, erabakiak denon artean hartuz...» segitzen dute. 

Urteotan filosofia horren aldeko apustua egin dute 180 bazkidek. «Gehienak Bortzirietakoak dira, baina badira Zugarramurdikoak ere, edo Saratik eta Urruñatik heldu direnak, Irun aldetik bat edo bertze...». Hortik aparte, «Arantzako eskolako jangelan urteak daramatzate Bidaziko produktuekin hornitzen eta eredugarria da. Berriki, berriz, produktuak Berako Mukixu Haur Eskolara eramaten hasi gara».

Arantxa Isasti Bidaziko dendan lanean.

Antolaketa

Bazkideak dira azokaren oinarri. Eta zuzendaritza batzordea elkartearen nondik norakoez arduratzen da. Zazpi laguneko taldeak osatzen du: Joxerra Lopez Rozas da lehendakaria da, idazkaria Idoia Etxeberria Makirriain, lehendakariordea Joxean Ortega Urrutia, diruzaina Hasier Iratzoki Altzuguren eta batzordekideak Ixabel Danboriena Danboriena, Pilar Txueka Intxusta eta Arantxa Isasti Balentziaga. Beharraren arabera, hilabetean edo hilabete eta erdian behin egiten ditu batzarrak. Urtean behin, berriz, asanblada orokorra egiten dute bazkide guztiekin.

Dendako martxa eta bazkideen kuotak dira Bidaziren diru iturriak: «Bazkideei lau hilabetetik behin 20 euroko kuota kobratzen zaie, urtean 60 euro».

Auzolana ere gakoa izan da Bidaziren ibilbidean. Horren seinale, azoka ireki zutenean, oraindik ez zegoen soldatapeko langilerik, eta bazkideak arduratu ziren azokaz. Gerora, langileak izanda ere, bazkide aunitz hurbildu dira azokara laguntzera. Gainerakoan, «garai batean bazkide guztiek urtean behin auzolana egin behar izaten zuten. Gaur egun ez da nahitaezkoa, baina nahi duena azokara laguntzera hurbil daiteke edo lan zehatz bat dagoenean parte hartu. Horren ordainetan, urteko azken kuota kentzen zaio».   

Ilusioz aitzinera begira

Onartu dute bidea ez dela erraza izan, eta «egoera ez da suziriak botatzeko modukoa». Hirukotearen hitzetan, «herritarrengan integrazio hori ez da guztiz lortu. Produktu ekologikoekin eta bizimodu honekin hagitz kontzientziatua dagoena etortzen da, baina bada gisa honetako produktuak supermerkatuetan aurkitzen dituen jendea ere». Horrekin batera, «produktu ekologikoek garestiaren fama» dutela ere aipatu dute, «eta ez da hala». 

Hala ere, egindako bidea hor dago eta «hamar urte hauek eta aitzinetik egin zen bideak herritarren artean honekin segitzeko nahia badela erakusten dutela» oroitarazi dute: «Ekologikoan eta ahalik eta hurbilen ekoiztutako produktuak kontsumitzea lortu dugu». Gehiago ere bai: «Herri ttikietako dendak desagertzen ari direla ikusita, irautea eta mantentzea handia da. Egoera egonkorra da eta aitzinera goaz». 

Aitzinera doaz eta aitortu dutenez, «ilusioarekin. Hankak lurrean ditugula, bizirik segitu nahi dugu». Aukera probestuz, gonbita ere egin dute, Bidaziko ateak «edozeinentzat irekiak» daudela erranez: «Hurbildu eta ezagutu». Bidaziko bazkide egiteko bidea ere aski sinplea da: «azokara hurbildu eta formularioa bete». Trukean onurak «aunitz» izanen direla diote, eta «hasteko norberarentzat».

Honela gaineratu dute: «Bidazi elikatzeko toki bat da, inguruan dauden bertze denda ttikiekin osatu daitekeena. Hemen elikaduraz ari gara, baina bertze hainbat kontuz aritzen ahal gara. Uste duguna baino eskaintza zabalagoa dugu inguruan, eta bertan daukaguna zaindu eta probestu behar dugu. Inguruko komertzioak bultzatzen ez baditugu, zerbitzurik gabe geldituko gara». 

Hamargarrena handiki ospatzeko egitaraua

Hamargarren urteurrenaren bueltan, urte osorako egitaraua prestatu dute Bidaziko lagunek. Lerro hauek idazterakoan azken xehetasunak lotu gabeak zituzten, baina gaur-gaurkoz hauxe da aurreikusi dutena: 

  • Apirilean hitzaldia eta ekoizleei bisita. Apirilaren 26an eta 27an bi hitzordu antolatu dituzte: alde batetik, apirilaren 26an, Elikadura sistema osasunaren begiradatik hitzaldia izanen dute Beran Goiuri Alberdi Arestirekin. Eta bertzetik, apirilaren 27an, ekoizleak bisitatzera joanen dira Zugarramurdira eta Arizkunera. Arizkungo Bixtaeder jatetxean bazkalduz borobilduko dute hitzordua. 
  • Ekainean tailerra. Galleta tailerra eginen dute Etxalarren Aloña Gonzalezekin.
  • Irailean hitzaldia eta mahai ingurua. Alde batetik, Ardiek egin naute artzain hitzaldia prestatu dute Josebe Blancorekin Lesakan. Eta bertzetik, mahai ingurua antolatu dute bertze toki batzuetako kontsumo ereduak ezagutzeko. 
  • Urrian bisita eta Lurraren Eguna. Lezaun upategira bisita eginen dute eta Berako Lurraren Eguna ere hitzorduen artean sartu dute. 
  • Azaroan mahai ingurua. Bertze mahai inguru bat eginen dute azaroan kontsumo ereduak hizpide hartuta: Goiener, Izarkom, Olatukop…
  • Abenduan bukaera. Kanpaina itxiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun