Ez da damutu hartutako erabakiaz eta gaur egun «posible den neurrian ahalik eta ekologikoena eta bertakoena kontsumitzen» saiatzen da: «Baserrian etxeko produktuak izaten ditugu, baina ez ditugun horiek ingurukoak eta ekologikoak izatea eskertzekoa da». Horretarako aukera ematen dio Bidazik: «Herri ttikietan ez dugu eskaintza handirik. Edozein dendatara joaten zarenean, ez dakizu produktu horiek nondik heldu diren. Bidazin, ordea, badakizu osasuntsua izanen dela, eta horrelako eskaintza izatea ikaragarria da».
Ekologikoaz ari garelarik, «osasuna eta hurbiltasuna» aipatu ditu Elizagoienek. Horregatik egina du kontsumo eredu horren aldeko apustua: «Ekologikoa izateak osasuntsuagoa dela erran nahi du, baina ez da jatekoa bakarrik: kanpotik ekarrita kutsatzen den guztia, bertakoa kontsumituz bertakoei hemen lanean segitzeko ematen diegun aukera... Soka bat da» eta bere ustez, «dena hagitz inportantea da». Horregatik gaineratu du «idealena hemengo baserrietako produktuak bertan kontsumitzea izanen litzatekeela».
«Gure seme-alabek eskertuko dute bide hau hartu izana»
Bide batez, Bidazira joateko gonbita luzatu du, konbentzitua baitago «gure seme-alabek eskertuko dutela bide hau hartu izana». Bere hitzetan, «azken urte hauetan, haundira joan gara, eta haundiak azkartasuna eta erosotasuna emanen du, baina niretzat horrek ez du etorkizunik. Etorkizuna Bidazi bezalako proiektu ttikietan dago, bertakotasunean eta ttikitasunean. Bere ttikitasunean ekarpen haundia egiten dio Bidazik eskualdeari».