Aloña Gonzalez

«Batzuek ekologikoa aldaketarekin lotzen dute baina oinarrian beti egin den zerbait da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 24a, 10:00
Aloña Gonzalez 2014-2015etik Bidaziko bazkidea da.

Aloña GONZALEZ BEREAU, Bidaziko ekoizlea eta bazkidea

«Garbi genuen bertzeentzat janaria ekoizten hasiko bagina, ekologikoa eginen genukeela». Halaxe aitortu du Etxalarko Aloña Gonzalez Bereauk, eta horixe da egiten dutena: «ogi ekologikoa ekoizten dugu eta Bidazin, belar dendetan eta bertze kontsumo elkarteetan saltzen dugu. Tarteka, azoka batzuetan ere parte hartzen dugu».

Onartu du Bidazi plaza ederra dela euren gisako ekoizleentzat: «Bidazi bezalako azokei esker proiektu ttikiok badugu non saldu». Eta hala, «hagitz kontent gaude bai Bidazin, bai eskualdeko bertze belar dendetan egiten dugun salmentarekin. Guretzat puntu garrantzitsuak dira». Bidaziren kasuan, astean behin hurbiltzen dituzte ogiak azokara: «Eskaera bidez funtzionatzen dugu, ortziraletan etortzen gara, eta astean behin etortzeko erantzuna hagitz polita da». 

Ekoizle eta bazkide

Bidaziko ekoizle izateaz gainera, bertako bazkidea ere bada Gonzalez, «2014-2015az geroztik, Irundik Etxalarrera bizitzera etorri ginenetik». Hala ere, «elikatzeko modua aspalditik barneratua» duela kontatu du eta horren beharra azpimarratu du: «Osasuna ez da elikadura bakarrik, baina zutabe garrantzitsua da. Ez dut erranen kontsumitzen dugunak % 100 ekologikoa izan behar duenik, baina jendea osasun arazoak sortzen direnean hasten da kasu gehiago egiten eta garrantzitsua da gaian kontzientzia hartzea».

«Justifikatu egin behar dugu zergatik ez dugun gehigarririk edo kontserbagarririk botatzen»

Osasunaz haratago ere joan da eta kontsumo eredu honek «osasunean ez ezik, naturan, ekoizteko moduaren inpaktuagatik, eta tokiko ekonomian duen eragina» azaleratu du. Bide horretan, «administrazioaren interes falta» ere kritikatu du: «informazio gehiago izanen balitz, jendearengana gehiago ailegatuko litzateke». Eta gehiago ere erran du: «Iruditzen zait gaia ez dela oraindik normalizatu. Ekologikoak aldaketa eta zerbait berezia erran nahi du batzuentzat, baina oinarrian beti egin den zerbait da. Gaur egun nagusi den ekoizpen eredu hori da berrikuntza ekarri duena, berrikuntza kimikoak eta fisikoak. Ez dakigu zer jaten ari garen, baina ez dute justifikatu beharrik. Guk, ordea, justifikatu egin behar dugu zergatik ez dugun gehigarririk edo kontserbagarririk botatzen». 

Ekologikoa modan

Ekologikoari lotua, «enpresa handiek ekologiko hitza bereganatu» dutelakoan dago eta «modan» dagoela dio. Horren kontra, «bertakotasuna, lan egiteko eskalak, baldintza sozialak... lantzearen beharraz» mintzatu da: «Gure aukeraketa da eta gure erosketa aukerarekin aunitz eragin dezakegu. Irizpide aunitz dira eta zaila da lau hitzetara mugatzea, baina nahi duenak badaki».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun