Larunbatean jokatuko dute Iruñean Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 12:00

Finalean kantatuko duen zortzikotea ortziralean egindako aurkezpenean.

Zortzi bertsolari ariko dira larunbatean Iruñeko Anaitasunan jokatuko duten finalean, tartean eskualdeko hiru: Josu Sanjurjo lesakarra eta Joanes eta Xabat Illarregi Marzol leitzarrak. Alaitz Rekondok paratuko dio txapela irabazleari.

Larunbatean bukatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 43. aldia. Orain arte zazpi geldialdi izan ditu txapelketak eta denera 1.7000 bertsozalek segitu dute bertsolarien jarduna. Larunbatean, 2.000 baino gehiago izanen dira zortzi bertsolarien jardunaz zuzenean gozatuko dutenak.

Hauek dira finalera sailkatu diren zortzi bertsolariak: Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Ilarregi Marzol, Josu Sanjujo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Ilarregi Marzol. Gaiak jartzen Ainhoa Larretxea Agirre eta Ander Aranburu Arriola ariko dira, eta epaile lanetan, berriz, Aimar Sagastibeltza Caballero, Amaia Telletxea Larretxea, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Finalisten artean bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak: Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean arituak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak.

Finalisten artean badira txapeldun izandakoak: Saioa Alkaiza da egungo txapelduna. Julio Sotok, berriz, bortz txapela ditu irabazita: 2010ean, 2011n, 2015ean, 2017an eta 2019an.

Bi atal izanen ditu finalak. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.

Alaitz Rekondok paratuko du txapela

Hain zuzen Alaitz Rekondo Ferrero lesakarra izanen da  2023ko txapeldunari txapela jartzeaz arduratuko dena.Oraindik martxan den ibilbide oparo bat egina du Rekondok Nafarroako bertsolaritzaren mugimenduan, eta batez ere gai jartzaile bezala nabarmendu da bere jardunean. Aurten, hamabi urteren ondotik, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua utzi du, eta une hori baliatu nahi izan du elkarteak orain arteko ekarpenari omenaldia egiteko.

Finalerako oharrak

Finalera begira hainbat ohar zabaldu ditu bertsozale elkarteak.

  • Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian lortu daitezke, finalaren eguneko 15;00ak bitarte. Finalaren egunean, Anaitasunako leihatiletan lortzen ahalko dira 15:00etatik aitzinera.
  • Anaitasunako kiroldegiko ateak 15:00ean irekiko dira, eta 17:00etan hasiko da saioa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak denborarekin joateko gomendioa egin du.
  • Saioa zuzenean segitu ahalko da ETB4 telebistea katean, 16:45ean hasita, eta baita bertsoa.eus eta eitb.eus webgunetan ere, streamingez. ETB1-k gainera, buruz burukoa emango du, diferituan, gaueko 21:00etatik 22:00ak arteko tartean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun