Xabat Illarregi Marzol

«Dudan onena emateko aukera bezala ikusten dut finala»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 12:02

Xabat Illarregi Marzolek hirugarrenez abestuko du finalean.

Larunbateko finalaz hitz egiten hasitakoan, «ilusioa» hitza errepikatu du behin baino gehiagotan Xabat Illarregi Marzolek. Hirugarrenez igoko da Anaitasuna kiroldegiko oholtzara eta txapelketan zehar izan duen bideari eutsi eta duen «onena emateko aukera bezala» ikusten du finala.

Mikrofono aurrean jarri eta bi mila ikusle baino gehiago izanen ditu parez pare Xabatek larunbatean. Zortzi finalistetako bat da eta pozik dago: «final batera pasatzea ez delako inoiz erraza izaten. Jendea kanpoan gelditzen da eta zerbaitegatik egiten duzu aurrera. Ongi aritu zarelako edo behintzat egin behar zenuen lana egin duzulako».

Finaleko zortzikotearen argazkia ere berezia izanen da aurten: «finala gazteagoa izanen da, bi emakume ariko dira, bi etxarriar, mapa zabaldu eta aldatu da. Pentsa, 2017ko finalarekin alderatzen badugu, aurtengo finalean ariko garen zortzi bertsolarietatik sei berriak gara». Bide polit batetik heldu dela uste du: «orain arteko Nafarroako Txapelketetan eduki ez dudan sentsazioa, aldartea… izan dut. Egoerak ez nau gainditu eta orain, finalean ere hala izatea nahiko nuke. Dudan onena emateko aukera bezala ikusten dut finala, ez dut galtzeko ezer».

«Txapelketaz txapelketa nire bertsokera bilatzen ari naiz»

Txapelketaz txapelketa, bere bertsokera bilatzen ari da Xabat: «oholtzan egoteko modua, gaiak hartzeko ikuspegia… nik uste hori zeharka egiten duzun zerbait dela bertsotan ari zarenean eta bertsoa prestatzen ari zarenean». Txapelketan badaki Ganbarako lanean jartzen dutela ikusleek bereziki fokua: «agian, badelako saio batean zuk bakarka egiten duzun lan bakarra. Zuk erantzuten diozu gai bati. Zuk sortzen duzu istorioa eta zuk aukeratu behar duzu zein bidetatik jo nahi duzun. Eta bertso bakoitzean gu garen hortatik, bizi izan edo ezagutzen dugunetik aletxo bat jartzen dugu».

«Bertso bakoitza borrokatu behar da txapelketan ari zarenean»

Alde horretatik presioa ere nabari du: «Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalak ikusi besterik ez dago. Bertan dauden bertsolariek ikaragarrizko diskurtso ideologiko eta politikoak botatzen dituzte. Horrek kristoren sona hartzen du eta badirudi hori dela jende guztiak egin behar duena, bide hortatik joan behar dela eta hori dela landu behar dena». Ez da, ordea, aukera bakarra: «gure arteko harremanei buruz edo egunero gertatzen diren gauzei buruz ere kantatu daiteke eta kantatu behar dela uste dut. Ariketa horri zenbat pisu ematen zaion pentsatu behar da». Berak argi du: «bertso bakoitza borrokatu behar da txapelketan ari zarenean. Ganbarakoa bai, baina baita zortziko txikian edo puntuka egindako ariketa bakoitza ere».

Leitzan giro berezia ikusi du azken egunetan: «ilusioa pizten da beti herritarren bat finalera iristen denean. Zailena izaten da ilusio hori hurrengo bi urtetan mantentzea eta bertso saio bat antolatzen denean jendea etortzea». Zer landua badago: «egunerokotasunean bertsoa sustatu behar da beste modu batetara eta jendearengana ailegatu behar da». Bere esku dagoena eginen du «honek aurrera segi eta goitik behera erori ez dadin».

Oholtzatik kantuan jarriko du larunbatean bere aletxoa eta gustuko du aurreko egunetako tentsio hori ere: «ezer ez dago aurreikusterik, dena da bat-batekoa eta polita da ezjakintasun horrek sortzen duen tentsioa. Aprobetxatu egin nahi dut aukera hau eta ez alperrik galtzera bota, beldurretik bizita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun