Txapelketan, oro har, pausu hori eman duela uste du, eta horrek bertze kezka batzuk sortu dizkiola dio: «finalera ez sailkatzeko beldurra izatea, edo arduratik bizitzea txapelketa». Larunbaterako, «ez diot postuari begiratzen, nire lanari baizik», nabarmendu du.
Leitzan eta Lesakan kantatu du orain arteko bi saioetan eta «txapelketara inoizko bertso maila onenean» iritsi den arren, saioetan egoteko aldartea falta izan zaiola nabaritu du Lesakako bertsolariak. Behin finalean, ordea, «saio on bat» egiteko moduan ikusten du bere burua.
«Irailaz geroztik astean 3-4 aldiz gutxienez elkartu gara bertso eskolan»
Lesakako saioan «sufritu» zuela onartu du, batetik herrian saioa izateak presioa eragin ziolako eta «indar eta energia aunitz» erabili zuelako hori kudeatzen. Bertzetik, pare bat gai hartzerakoan «pixka bat» nahastu zelako, eta horrek «kezka puntua» eragin ziolako. «Ganbarako ariketa Izarren hautsa doinuan egitea erabakia nuen lehenagotik. 11 errima dituen doinu tekniko bat da, baina nahiko entseatu nuena». Azken momentuan doinua aldatzeko zalantza izan bazuen ere, azkenean hori egitea erabaki zuen eta «nahiko gustura» gelditu zen emaitzarekin.
Txapelketan oro har, «arrakala» handia sumatu du goian dauden eta hasi berriak diren bertsolariak direnen artean: «Goian daudenak hagitz finkatuak ikusten ditut hor eta iruditzen zait Nafarroako goiko langa inoizko gorenen dagoela, eta eta uste dut, gainera, oraindik hoberena emateko dutela». Gauzak horrela, «tentsio handiko» finala aurreikusten du Sanjurjok, eta hautagai bat baino gehiago ikusten du finalerako. «Gustatuko litzaidake denen artean talde kohesionatu bat egitea, jakinda lehia dela kontziente izatea bidea elkarrekin egin behar dugula».
«Uste dut heldu den urteetarako bizkarrezurra falta zaiola Nafarroako bertsogintzari»
Bere kasuan, ia urtebeteko prestaketa egon da aurtengo finalaren aitzinetik. «Duela urtebete txapelketarako bideorri bat egin nuen: urte hasieran dezente irakurri nuen, gero maiatzen bertso eskolan lantzen hasi ginen eta udako geldialdiaren ondotik astean 3-4 aldiz gutxienez elkartu gara bertso eskolan». Leitzan, Etxarri-Aranatzen, Iruñean, Lesakan… elkartu da bertso eskola egiteko, eta «hilabete intentsoak» izan direla onartu du. Elkarrizketan oinarritutako bertsokera plazaratuko nahiko luke larunbateko finalean. Bakarka, aldiz, «hasiera eta bukaera duten eszenak» egin nahiko lituzke.
Belaunaldi aldaketa izan da aurtengo txapelketan, eta hori «arduratik» bizi du Sanjurjok: «Nafarroako bertsogintza gorenean ikusten dut mailari dagokionez, baina, uste dut heldu den urteetarako bizkarrezurra falta zaiola». Horregatik, nabarmendu du Nafarroako bertsogintza «denen ardura» dela eta «heldu diren urteak garrantzitsuak direla etorkizun bat eraikitzeko».