Joanes Illarregi Marzol

«Kale edo bale egiteko momentua da»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 12:01

Joanes Illarregi Marzol, Leitzan dagoen Manuel Lasarteren eskulturaren ondoan. Argazkia: Eneritz Iraola

Larunbatean Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko oholtzan ariko da kantuan Joanes Illarregi Marzol. Nafarroako Bertsolari txapelketako hirugarren finala du leitzarrak eta finalera «gogoz eta gosez» doala dio: «kale edo bale egiteko momentua da eta final polit bat ateratzeko aukera asko daudela uste dut».

Orain arte txapelketan «oso sentsazio onak» izan dituela azaldu du: «egoerak ez dit gain hartu eta sentitu dut oholtzan ez nengoela ez urduriegi, ezta lasaiegi ere. Horrek konfiantza ematen du finalera begira». Nafarroako Txapelketako hirugarren finala du eta iazko Euskal Herriko txapelketan lortutakoak ere beste lasaitasun batetik kantatzeko bidea eman diola uste du: «horrelako egun batek, nahiz eta bakarra izan, esperientzia handia ematen dizu eta hori luzarora gelditzen den zerbait da». Horregatik, argi du txapelketa hau: «aurretik heldu zenaren eta gero etorriko denaren arteko beste zubi bat dela». 

«Iritzi edo diskurtso sortzaile izateko eskatzen zaigu askotan bertsolarioi eta ardura puntu bat sartzen zaizu»

Txapelketari begira, lanketa berezirik ez duela egin nabarmendu du: «bertso eskolara joan eta orain arteko txapelketa guztiak bezalaxe prestatu dut. Ez naiz jarri koadernoarekin eta aurten errimak prestatu behar ditut esanez. Bertsotan gehiago egin, ahal den neurrian informatuta egon eta gai ezberdinen inguruan nire iritzia zein den pentsatu dut. Batez ere hortik jo dut». Azken horretan jarri du azpimarra, «iritzi edo diskurtso sortzaile izateko eskatzen zaigu askotan bertsolarioi eta ardura puntu bat sartzen zaizu. 2.000 lagun baino gehiago egonen dira Anaitasunan, telebistatik milaka ikusle... grabatuta gelditzen da eta aktualitatean dagoen gai bat jarri eta zer den ez badakizu edo iritzi bat landuta ez baduzu gaizki pasatzen duzu». Bertsolariei prestatuta egotea eskatzen die horrek, «aktualitatea ezagutu, pare bat buelta eman eta pentsatzea zer iritzi dut nik honen inguruan? Ez da hainbeste egunkaria aurreneko orritik azkenekora irakurtzea». Dena den, ezin da dena aurreikusi eta ezustekoak ere izaten dira: «ezinezkoa da saio bateko gai guztiak aurretik landuta izatea».

Gai bat edo bestea egokitu, bide bat edo bestea hartu behar izaten dute: «subjektiboa da oso, bakoitzak guretik kantatzen dugulako. Hala ere, uste dut gai jartzaileek nolabaiteko oreka bat bilatu behar dutela. Zaila da karga emozional bereko bakarkako zortzi gai jartzea, baina horren arabera publikoarengana bertso mota bat errazago ailegatuko da, bertsokera berezi bat egiteko aukera emanen dizu...». Eta gaur balekoa dena, bihar ez dela hala ere badaki: «egia da, kantatutako bertsoekin gustura gelditu bazara gaia ona dela esanen duzula. Eta ez bazara gustura gelditu, ez».

«Inoiz baino hautagai gehiago dauzka txapelak»

Aurtengo finalisten argazkia «Nafarroako bertsolaritza osasuntsu dagoenaren seinale» dela iruditzen zaio: «urteak joan eta urteak etorri, finalean beti zortzikote berdina baldin badago edo dauzkazu zortzi bertsolari ezin hobe, ezin dituenak inork oholtzatik bota edo hor zerbait pasatzen da». Txapelketaren prozesu naturala finalistak aldatzen joatea dela uste du: «eta hemen hori gertatu da. Finalera iritsi dena bere tokia irabazi duelako izan da, ez inork tokia libre utzi diolako eta hori bada bertsolaritza osasuntsu dagoenaren erakusle». Horregatik, aurtengo finala «bertsolari eta bertso mailaren aldetik final txukuna izan daitekeela» iruditzen zaio eta gaineratu du «inoiz baino hautagai gehiago dauzka txapelak».

Ikusi beharko da egun handia iristean zer gertatzen den: «hainbeste jenderen artean hazi edo ttikitu egiten garen». Argi du zein den bere egitekoa: «bi urtez behin egiten den txapelketan, Nafarroako plaza handienean, 2.000 ikusleko langa gaindituko da aurrenekoz. Gure ardura da jende horri saio polit bat eskaintzea, arratsalde on bat pasaraztea eta kalitatezko bertso maila batekin asetzea». Ahal dela gozatu bezainbeste, gozaraztea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun