Lan mundurako sarbidea erraztu nahian

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 15a, 08:00

Ezkerretik hasita, Jon Telletxea mankomunitateko lehendakaria, Gustavo Salazar tailerreko parte hartzailea, Iratxe Etxenike koordinatzailea eta Karmele Martin parte hartzailea.

Formazioa eta lana uztartuz, langabeentzako tailerra paratu du martxan Malerrekako Mankomunitateak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin. Apirilaz geroztik 17 eta 60 urte bitarteko hamabi lagun parte hartzen ari dira eta irailaren 29an bukatuko dute.

Langabezian daudenei lan mundurako sarbidea errazteko bidea ireki dute Malerrekan. Zehazki, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bultzatutako proiektuarekin bat egin du Malerrekako Mankomunitateak, eta horri esker, apirilaz geroztik, langabezian zeuden hamabi herritar formazioa eta enplegua uztartzen dituen tailerrean parte hartzen ari dira. Nolabait errateko, ikasten eta lanean ari dira, soldataren truke. Ekimen berritzailea da eskualdean, Nafarroako bertze eremu batzuetan, Iruñerrian eta Erriberan bereziki, ohikoa bada ere, halako zerbait egiten duten lehenbiziko aldia baita hemen inguruan. Proiektuaren inguruko xehetasun bila jo du TTTIPI-TTAPAk Malerrekako Mankomunitatera eta Jon Telletxea Juanena Beintza-Labaiengo alkate eta Malerrekako Mankomunitateko lehendakariak eta mankomunitateak tailerra koordinatzeko kontratatu duen Iratxe Etxenike Sarratea baztandarrak esplikatu dituzte proiektuaren nondik norakoak. Tailerrean parte hartzen ari diren Gustavo Salazar Galarregi bortziritarra eta Karmele Martin Camara saldiastarra ere mintzatu dira.

Abiapuntua 

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko arduradunaren eta CNAI Nafarroako Ikaskuntzarako Guneko kideen bitartez izan zuten tailerra egiteko dirulaguntza deialdiaren berri eta pausoa ematera ausartu ziren. Mankomunitateko lehendakariaren arabera, «udal bakarrarentzat gehiegizkoa zela ikusita, Malerrekako herri guztien artean zerbait egiten ahal genuela adostu genuen». Dioenez, «presaka egin genuen, eta hasieran, gurea langabezia tasa ttikiena duen eremuetako bat izanda, taldea osatzeko zailtasunak izanen genituela pentsatu genuen. Baina ez zen horrela izan. Azkenerako taldea osatu genuen eta kontent gaude». 

17 eta 60 urte arteko 12 lagun

Izen ematearen arrakastaren seinale dira datuak. Etxenikek adierazi duenez, «gehienez hamabi lagun onar zitezkeen tailerrean, eta hasmentatik 18 batek eman zuten izena. Jendeak izena eman eta eman segitu zuen eta azkenerako 23-24ra ailegatu ziren. Tailerra hasi ondotik ere interesatu da jendea». Azkenean hamabirekin egin zuten aitzinera: «Gehienak Malerrekakoak dira, baina badira Baztandik, Bertizaranatik, Bortzirietatik eta Ultzamatik datozenak ere», dio koordinatzaileak. 

Adin tarteari eta generoari dagokionez, berriz, «denetarik» dagoela dio Etxenikek: «Badira 17 urtetik hasi eta 60 urtera bitartekoak». Onartu duenez, «hasmentan adin tarte zabal horrek beldurra» ematen zion: «Gazteak alde batera eta helduak bertze aldera geldituko ote ziren beldur nintzen, baina elkarren artean nahasi dira eta aberasgarria izaten ari da. Denak diferenteak dira, eta horrek  berak aberasten du». 
Generoari ere erreparatu diote: «Aniztasuna kontuan hartzen saiatu gara. Halako tailerretan normalean emakumeen parte hartzea arras ttikia izaten da, baina gure kasuan bortz emakumezko eta zazpi gizonezko dira eta harro egoteko modukoa da».

Baldintzak  

Tailerra egiteko «100.000 euro baino gehiagoko» proiektua aurkeztu dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntza deialdira.  Etxenikek esplikatu duenez, ekainean zati bat sartzeko aukera eman digute, baina gainerakoan, Malerrekako Mankomunitatea diru guztia aitzineratzen ari da. Proiektua akitzen denean emanen dute gainerakoa». 

«Guttieneko helburu batzuk bete behar dira, eta horren araberakoa izanen da hartuko dugun dirulaguntza»

Jon TELLETXEA, Malerrekako Mankomunitateko lehendakaria

 

Zenbatekoa izanen den, ordea, ez dakite; «guttieneko helburu batzuk bete behar dira, eta horren araberakoa izanen da hartuko dugun dirulaguntza», aipatu du Telletxeak. «Taldea osatu behar duzu, baina talde horrek baditu betebeharrak. Ez badituzte betetzen edo alde egiten badute, laguntzak murriztuko dizkigute». Bete beharreko baldintza horietako batzuk azaldu ditu koordinatzaileak: «izena emandakoen guttieneko parte hartzea bermatu behar da, lan munduan guttieneko sarbidea bermatu behar diegu eta horretarako enplegu bulegoarekin harremanetan gaude, tailerrean gizarteari ekarpen bat egin behar diote... Gure kasuan, udalei laguntza ematera bideratu dugu proiektua, baina bertze toki batean jantoki sozial bat egiten ari dira, bertze batean abandonatutako animalientzako aterpe bat...».

Lorezaintza eta pintura lanak  

Sei hilabeteko tailerrean bi gai zehatzetan jarri dute arreta: lorezaintza eta pintura lanak. Telletxeak esplikatu duenez, «tailerra martxan paratu genuenean, udal ordezkariak elkartu ginen eta gehienbat lorezaintzako lanak, eta pintura lanak izaten ditugula ikusi genuen. Horregatik erabaki genuen tailerra bi gai horietara bideratzea».

Doneztebeko Herriko Etxearen atarian lorategia egin dute.

Eta gai horien bueltan, ikasiz eta lana eginez ari dira. Apirilean hasi ziren eta sei hilabeteren buruan, irailaren 29an, borobilduko dute. 08:00etatik 15:00etara biltzen dira eta Etxenikek erran duenez, «apirilean lorezaintzari buruzko formazioarekin hasi ziren; maiatzean formazioa lanegunekin txandakatzen hasi ziren; ekainean pintura lanei buruzko formazioa hartzen hasi ziren, baina irakasleak praktikoa izatea nahi zuenez, praktikan ere aritu ziren. Uztailaren 14tik aitzinera, lanean hasiko dira, eta taldeka banatuta, astelehenetik ortziralera herriz herri ibiliko dira, irail akabaila bitarte». Telletxeak gaineratu duenez, «herriko langileek edo udal ordezkariek bideratuko diete zer egin».

Ekainean Donamariako Txarutako txabolak margotzen aritu ziren parte hartzaileak.

Soldatarekin 

Parte hartzaileak soldataren truke ari dira, mankomunitateak kontratatuta. Eta hori da, lehendakariaren hitzetan, «tailerra erakargarri egiten duen beste puntua»: «Formazioa eta praktikak egiten ari diren bitartean, lanean ariko balira bezala nomina bat dute, nahiz eta ttikia izan. Hori gabe, zaila izanen litzateke jendea animatzea». Gehitu duenez, «beharbada formazioa soldata ttiki batekin egitea da bidea; deus kobratu gabe epe luzeko formazioa egitea ez baita egingarria». Eta gisa berean, «hutsik dauden lan batzuk betetzeko» balio izaten ahal duela iruditzen zaio Beintza-Labaiengoari: «Baso lanak, zurgin lanak... Badira hainbat arrazoirengatik betetzen ez diren lanpostuak, besteak beste, urteetan ez direlako baloratu. Lan horiek hor segitzen dute eta tailer hauek jendea prestatzeko balio izaten ahal dute».   

«Bertze udalei animatzeko deia eginen nieke»

Iratxe ETXENIKE, koordinatzailea

Halako tailerrak beharrezkoak ikusten dituzte bai Telletxeak, bai Etxenikek, eta langabeei ateak irekiko dizkiela iruditzen zaie. Eta hasitakoak ereiten segi dezan, Malerrekatik kanpo zabaldu dute deia; alde batetik, langabezian daudenei; «Halako proiektuen berri izanez gero, zalantzarik gabe animatu daitezela. Parte hartzeak onura haundiak ekarriko dizkie», nabarmendu du koordinatzaileak. Eta bertzetik, udalei begira jarri da: «Malerrekako Mankomunitateak apustu garrantzitsua egin du, ezagutzen ez duen bidea ireki du. Iruñerrian eta Iruñetik beheiti badute esperientzia halako proiektuekin, baina Malerrekan oinarririk gabe atera dute aitzinera. Horregatik txalotzekoa iruditzen zait egin duen apustua. Inguruko udalei animatzeko deia eginen nieke». 

«Helburu noblea duen egitasmoa da»

Jon TELLETXEA, Malerrekako Mankomunitateko lehendakaria

Telletxeak oroitarazi du «helburu noblea» duen egitasmoa dela, «langabezian dauden herritarrei eta denbora berean eskualdeari laguntzen diolako».  Aitortu du «azken emaitzei» begira daudela, «baina ongi ateratzen bada, eta berriz ere holako deialdiren bat baldin bada eta jendea prest baldin bada, zergatik ez errepikatu?». Etxenikek garbi du; gizarte mailan egiten duen ekarpena ikusita, «pena litzateke hurrengo urteetan segidarik ez izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun