Batxilergoa bukatuta, 17 urterekin ikasketak utzi eta Larhunen hasi zen lanean Gustavo Salazar Galarregi. Sortzez beratarra da, baina Lesaka du bizileku eta Larhunen ibili ondotik, igogailuentzako gidak eta plastikozko botilak egiten zituzten lantegietan aritu zen urte luzez. Ezin izan zuen segitu. Azken enpresa horretan ari zela, itxi egin baitzuten, eta Ibardinera jo zuen; «Berriz frantsesa ikasi eta Ibardinen ostalaritzan eta dendan aritu nintzen». Baina bertzelako aukerak probatu nahi zituen: «Ibardinen ordu aunitz sartu behar izaten nituen, astean egun bat libre, eta gero azaroan edo abenduan 15-20 egun libre». Hortaz, «Berako Udalarentzat zerbitzu anitzetako peoi lanetan hasi nintzen». Hala aritu zen bi txandatan; «ezin izaten da urtero berritu, eta urte bat lanean eta hurrengoa langabezian, bi txandatan aritu nintzen». Helburu bera zuen aurten Lesakan: «Lesakako Udalarentzat lanean aritzeko deialdian apuntatu nintzen. Bi lagun ailegatu ginen azken fasera, baina bertzea hartu zuten».
«40 urteak pasatzen dituzunean, ez da hain aisa harrapatzen lana»
Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zela izan zuen Malerrekako Mankomunitateak antolatutako formazio eta enplegu tailerraren berri: «Iratxek apuntatu nahi nuen galdetu zidan eta izena eman nuen». Dioenez, «40 urteak pasatzen dituzunean, ez da hain aisa harrapatzen lana. Gazteentzako esperientzia eskatzen dute, baina horretarako lehenbiziko lana behar dute, eta curriculumean 44 urte dituzula paratzen duzunean ere ez da erraza». Horregatik uste du tailer honek lan merkatuan ateak irekiko dizkiola: «Lorezaintzari eta pintatze lanei buruz ikasten ari gara, eta norbaitek pintore bat edo lorezaintzan aritzeko norbait behar badu, enplegu bulegora deituz gero, formazioa eta praktika egin duen talde bat dagoela ikusiko du. Uste dut ate bat irekiko digula». Gehiago ere bai: «Ni hagitz kontent nago, eta dudarik gabe, animatzeko erranen nieke langabezian daudenei».