Karmele MARTIN

«Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta autonomoagoak izanen gara»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 15a, 10:00

Karmele MARTIN CAMARA

Karmele MARTIN CAMARA

Malerrekako Mankomunitateak antolatu duen enplegu eta formazio tailerreko parte hartzailea da Martin saldiastarra ere eta bere esperientzia kontatu dio TTIPI-TTAPAri. Tailerra «edozeinentzat aberasgarria» dela iruditzen zaio.

«Berez Irungoa naiz, baina 17 urte daramatzat Saldiasen bizitzen. Nolabait esateko, etxea nire lagunak eta biok oinarri-oinarritik altxatu behar izan dugu». Halaxe aurkeztu digu Karmele Martin Camaralek bere burua. Aitortu duenez, «bizitzan nahiko esperientzia» izandakoa da: «Jakin gabe gauza aunitz egin ditut, eta Malerrekako Mankomunitateak antolatutako ikastaro honekin nire asmoa gauzak sendotzea zen, gauzak ongi egiten ikastea, ez egiten bakarrik». Kontatu duenez lehen ere ibilia da gisako lanetan; «Zubietan, Iturenen, Malerrekako Mankomunitatean... Eta gustatzen zait. Kalean dira, hainbat gauza egiten dira eta denetarik jakitea ongi heldu da. Zenbat eta gauza gehiago jakin, orduan eta autonomoagoak izaten ahal gara. Azken finean, bizitzarako ere balio du». Horregatik iruditzen zaio tailerra «edozeinentzat aberasgarria» dela.

Bereziki lorezaintzak erakarrita apuntatu omen zen tailerrean: «lorezaintza eta kimaketa interesatzen zitzaizkidan. Denok dakigu zuhaitzak mozten, baina niretako inportantea zen kimaketa ongi egiten ikastea. Egia esan, hasiera hartan, pintura ez zitzaidan erakargarria egiten, baina hasi garenetik, interesgarria eta baliagarria iruditu zait. Ez da pareta bat pintatzea bakarrik, bestelako gauza asko ikasten ari gara». Tailerraren edukiekin ez ezik, taldekideekin ere gustura dago saldiastarra: «Nahiko talde majoa osatu dugu. Hainbat adinetako jendea gara eta erritmo eta harreman polita dugu».

«Herri ttiki hauetan, eta batez ere emakumea izanda, oso murriztuak dira egin ditzakegun lanak»

 Lan merkatuaren harira ere mintzatu da eta «nahiko gaizki» ikusten omen du: «Herri ttiki hauetan, eta batez ere emakumea izanda, oso murriztuak dira egin ditzakegun lanak. Ni diru gutxirekin moldatzen naizenez, badut aukeratzeko askatasuna». Baina onartu du «geldirik egotea ez dela batere atsegina».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun