TIBURTZIO ARRAZTOA

«Liburu honetako argazkiek indar handia dute, batez ere pilotaren artisauei ateratakoak azpimarratuko nituzke»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 14a, 08:00
Tiburtzio Arraztoa eskuinean, 'Euskal Pilota' liburuaren aurkezpenean. Ondoan ditu Joseba Urretabizkaia argazkilaria eta Miguel Pozueta, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Tiburtzio Arraztoa, ‘Euskal Pilota’ liburuaren idazlea

Euskal Pilota liburua aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten maiatzaren 9an Iruñeko Navarra Arena pilotalekuan. Lehendik ere hainbat liburu idatziak dituen Tiburtzio Arraztoa doneztebarrak idatzi du eta Joseba Urretabizkaiak ilustratu du, Xibarit argitaletxearen eskutik, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren laguntzarekin. Aurkezpen publikoak, berriz, maiatzaren 17an Iruñeko Kasinoan, maiatzaren 21ean Madrilgo Euskal eta Nafarren Etxean eta aitzinerago Bartzelonan ere egiteko asmoa dute. Eskualdean ere egitea gustatuko litzaioke Tiburtzio Arraztoari, baina oraingoz ez dute halakorik aurreikusita. Bien bitartean, Laxoa Elkarteko eta Napikeko kideak liburuan topa dezakegunaz eta pilotarekin lotutako bertze zenbait kontuz aritu zaigu.

Zure bibliografia aipatuz, Laxoari buruzko liburuak eta gida, ‘Entre Dios y la pelota’, ‘Doneztebe pilotari’… Eta orain ‘Euskal pilota’…

Nere liburuen bibliografia hori da, bai; gero bertze liburutan ere hainbat kapitulu idatzi ditut (Valentziako pilotari buruzko liburutan batez ere). Bertze gauza bat: liburu honen editorea Joseba Urretabizkaia da, berak duen Xibarit argitaletxean eta bertze liburu dendetan banatuko ditu liburuak, baina halere, norbaitek nahi baldin badu, niri eskatu eta arduratuko naiz.

‘Euskal pilota’ berriari dagokionez, batez ere arras edizio zaindua dela dirudi… Batez ere “VIP” edizioak, 721 ale bakarrik, azalean larruzko bizkarrak, 234 orri, hari gorriarekin josia, orriak bereizteko zinta urdin eta gorriak, pilota bat opari… Pilotazaleentzako ez ezik, liburuzaleentzako ere ia artelana dela erran daiteke. Zer topa daiteke liburu honetan? 

Aipatzen duzun "VIP" edizio hori batez ere bibliofilo, bildumagile, oparitzeko eta horrelako gauzetako pentsatua dago, baina, noski, edozeinek eros dezake. 180 eurotan salgai dago. Edizio hau euskaraz eta gaztelaniaz dago eta argazki gehiago ditu, batzuk handiagoak ere; bertze edizio arruntago hori gaztelaniaz bakarrik dago, baino edukia bietan berdina da. Edizio honek 30 euro balio du.

Joseba Urretabizkaiaren ilustrazio/argazkiek ere balio erantsia ematen diote zure lanari?

Urretabizkaia, dakizun bezala, argazkilari profesionala da, eta argitaratu dituen liburu guztietan bere argazkiek sekulako indarra dute eta kalitate handiko argazkiak dira, liburu honetakoak bezala; kasu honetan azpimarratuko nituzke artisauei atera dizkien argazkiak.

Pilotaren historia, ezaugarriak, pilota modalitate gehienei eskainitako kapituluez gain, Emakumea eta pilota izenekoa ere bada… Bere garaian erraketistek indarra zuten, eta orain esku pilotan ere indartsu dabiltza emakumeak, zesta-puntan ere ikusi ditugu, baina beharbada joko zuzenetan, laxoan… gutiago ikusten dira?

Egia da gaur egun emakumeek pilota arloan ere indarra hartu dutela eta kasu batzuetan agertzen direla "pionerak" bezala. Baina XIX. mendean emakume puntista profesionalak izan ziren eta erraketista profesionalak XX. mendeko lehenbiziko hamarkadetan agertu zirela eta eta hor barna Espainia osoan eta Amerikan ere ibili zirela berrogei urte baino gehiago eta kasu anitzetan gizonezkoek baino diru gehiago irabazten; orain arte erraketista horiek atzenduak eta baztertuak egon dira eta bere garaian ere, kontutan hartu behar da zein garai ziren. Emakumeak joko zuzenetan ere aritzen dira. Laxoa neskaren bat edo bertze txapelketetan ibili da eta Laxoa Elkartearen helburuetako bat da datorren urtean laxoa eskoletan sartzea eta horrela neskak ere laxoan hasteko edo ezagutzeko modu bat izanen litzateke. Baina bertze joko zuzeneko  modalitatetan ere jokatzen dute. Orain dela gutxi Valentzian jokatu den munduko txapelketan, CIJBk antolatzen duen txapelketan, Euskadiko selekzioak parte hartu zuen, euskal pilotan gertatzen ez den bezala. Eta txapelketa horretan Euskadiko emakumeek urrezko domina irabazi zuten juego internacional delako modalitatean, hau da, bote luzeko antzekoa edo berdina.

Liburuaz aparte, laxoa plazak mantentzearekin ere kezka berezia duzu… Berriki Iturenen eta Beintza-Labaienen laxoan, Legasan paxakan jokatzeko aukera izan dute, aspaldiko partez. Lan horretan segitzeko asmoa duzue?

Egia da gure helburu garrantzitsu bat orain dauden plazak kontserbatzea dela. Badakizu Iruritako plaza ezin dugula aurtengo laxoa txapelketan erabili (eta auskalo noiz arte). Baina bai, urtero antolatzen dugun Baztan-Erreka desafioetan edo horrelako partidetan ezohiko plazak erabiltzea dugu asmoa, aipatu dituzunak eta bertze batzuk ere (Zubieta, Narbarte, Uitzi).

Ondare hori babesteko lanean, Iruritako botarria berreskuratzeko egin duzuen lanak detektibe-pelikula bat dirudi…

Ez dakizu ongi Iruritako botarriak zer istorio, zurrumurru, anekdota eta bertzelakoak eman dituen 30 urte baino gehiago hauetan. Eta gero nola aurkitu genuen... Erran duzun bezala, pelikula eta nobela bat egiteko modukoa da. Orain Iruritako Dorrea etxeko gela batean paratuko dute, laxoaren erakusketa ibiltaria eta laxoaren inguruko bertze gauzekin,

NAPIKE Elkarteko kide zaren neurrian pilota gure ondare bezala babesteko beharraz ere aritu zara… Zertan da elkartea orain?

NAPIKE elkartea aitzinera doa, Iruñean egoitza lortu dugu eta  lanean ari gara, baina beti pilota kulturaren aldetik, ez txapelketak edo partidak antolatzen; Nafarroako Gobernua ere interesatua dago, federazioa ere bai eta sartu gara Unibertsitate batzuekin harremanetan eta momentu honetan adibidez Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Mexikoko bertze unibertsitate bat ikertzen eta lantzen ari dira pilotaren joko zaharrei buruz, gero Doneztebeko plaza bisitatu eta partidaren bat ikusteko asmoarekin. Eta bertze helburu bat Nafarroa munduan pilota arloan erreferentzi bat bihurtzea da, interpretazio zentro bat irekitzea, museo bat...

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun