Ebatsi eta 34 urtera Iruritako botarria Iruritako plazara bueltatu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 24a, 10:00
Pello Iriarte Iruritako alkatea, Laxoa elkarteko Txuma Prim eta Tiburtzio Arraztoaren artean Iruritako plazan, berreskuratu berri duten botarriarekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Duela 34 urte desagertu zen Iruritako plazako botarria. Partidaren baten ondotik bildu gabe utzi eta ohartzerako falta zuten, norbaitek ebatsia. Laxoa Elkarteko kideek ustekabean erakusketa batean ikusi eta berriz ere Iruritako plazan bueltan da.

Joan den ekainaren 4an, Amasa-Villabonan egindako erakusketa batean izan ziren Baztan eta Malerrekako pilotariak, Laxoa Elkarteko zenbait kiderekin batera, bertako Behar Zana pilota elkartearen 75. urteurreneko ospakizunetan. Pilotariek paxaka partida jokatu eta etxera bueltatu ziren, baina Laxoa Elkarteko Txuma Prim eta Tiburtzio Arraztoa klubak antolatutako erakusketa ikustera gelditu ziren. Ustekabean, erakusketara sartu orduko, bere haur eta gazte denboran ezagutu zuen botarriarekin topo egin zuen Tiburtzio Arraztoak. Ez zuen zalantzarik izan, hura zen Iruritako botarria, baina momentuan ez zuen deus erran. Argazki batzuk ateri zituen, etxean zituenarekin konparatzeko eta erabat konfirmatu ahal izan zuen hura zela Iruritako plazatik 1988an desagertutako botarria.

Laxoa Elkarteko kideak Pello Iriarte Iruritako alkatearekin harremanean jarri eta botarriaren “itzulera operazioa” abiatu zuten. Jakin zutenez, Iruritako botarriak urteak zituen Abaltzisketako baserri batean eta erakusketan jartzeko utzia zioten Amasa-Villabonako Behar-Zana elkarteari. Abaltzisketara nola ailegatu zen bertze istorio bat da, oraingoz kontatu ezin daitekeena, baina «beharbada noizbait norbait libururen bat idaztera animatuko da» dio irrika Tiburtzio Arraztoak. Eta berak honetaz zerbait badaki, laxoaz eta pilotaz hainbat liburu idatziak baititu.

Iruritako botarria Iruritako plazara bueltan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Botarria bere jatorrizko lekura bueltatzea eskatu eta gipuzkoarrek ez zuten inolako arazorik izan. Egun guttira Iruritan bueltan zen, 34 urte eta gero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun