Tiburtzio Arraztoaren ‘Euskal Pilota’ liburua aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 9a, 20:00

Laxoa Elkarteko adituaren testuekin batera, Joseba Urretabizkaiaren ilustrazioak ere ageri dira, argitalpen dotorean

Euskal Pilota liburua aurkezteko prentsaurreko egin dute maiatzaren 9an, astearte eguerdian Iruñeko Navarra Arena pilotalekuan. Lehendik ere hainbat liburu idatziak dituen Tiburtzio Arraztoa doneztebarrak idatzi du eta Joseba Urretabizkaiak ilustratu du, Xibarit argitaletxearen eskutik, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren laguntzarekin.

Bibliofiloentzat eta pilotazaleentzat ezinbertzekoa den bildumagintza lan honetan, pilotaren historian zehar ibilbide bat egiteaz gain, erabilitako modalitate eta tresna bakoitza zehatz-mehatz deskribatzen du. Gaurko aurkezpenean, bi egileekin batera, Miguel Pozueta, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea; Javier Conde, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidentea, Daniel Carballo doktorea, arkitektoa eta EHUko irakaslea eta hainbat pilotari eta pilotari ohi izan dira, tartean Ruben Beloki, Juan Martinez de Irujo edo Abel Barriola.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun