Joan den urtean egitasmoetako kide batzuk elkartu eta elkarlanean zerbait egiteko beharra zegoela erabaki zuten. «Gu Ziburukoekin solastatu ginen, bertako azokatik abiatu baitzen hau dena antolatzeko ideia, eta parte hartzea erabaki genuen, talde bakoitzak ekimena urteko sasoi batean antolatzen duen arren, Euskal Herrian zirkuitu bat badagoela erakusten duelako». Hasmentan azoken sarea bezala planteatu zuten, «baina ez ditugu bakarrik liburuak eta diskoak saltzen edo kontsumitzen, ekitaldi pila bat antolatzen ditugu, eta horregatik erabaki genuen plaza deitzea».
«Ikusgarritasuna lortzea eta indarrak batzea» dute helburu, «bateratasuna lortzea». Hortik dator taldearen izena, Doinuele, «musika eta elea bateratzen dituelako». Gainera, egutegiak prestatzean elkarrekin aurkeztuko dituzte Doinueleren izenpean, «jendeak bere herritik kanpo egiten diren ekimenak ezagutzeko. Beharbada, (H)ilbeltzara eta Ziburura doana, Azkoitira joatera animatuko da egunen batean».
Euskaraz bizitzeko nahiak batzen ditu ekimen guztiak, «eta horretarako kultura euskaraz kontsumitzea ezinbertzekoa da. Kontsumitzea eta gozatzea. Baina ez ditugu gauzak alde, eta liburuak eta diskoak ez daude modan. Gure errealitateak arras desberdinak dira; euskal hiztunen kopurua, egoera politikoa… ez dira berdinak Ziburun, Hernanin edo hemen. Badago neke bat, baina baita ilusio bat ere, eta elkartuta indar gehiago lortzen dugu. Ekimenak ikusgarritasuna duenean, antolakuntza indartsu dagoenean eta partaide aunitz dituenean ez da hainbertze nabaritzen, baina ahulgune bat dugunean ongi dago ondokoaren bulkada izatea, norabidea ikusteko eta aitzinerat segitzeko».
Transmisio kulturalaren garrantzia
Ekimen kulturaletan «transmisioa euskara hutsean izateko helburua argi dugu, bertzenaz segituan buelta eman eta gaztelerak edo frantsesak jaten gaituelako. Eta transmisioa historikoki musikaren eta hitzaren bidez eman da».
Gaur egun, ordea, «dena azkar eta momentuan nahi dugu. Ekimen hauekin bertzelako kontsumo bat sustatu nahi dugu; irakurzaletasuna, musika entzutea… eta horrek ekartzen duen plazerra. Adibidez, (H)ilbeltzan literatura irakurtzen dugu, bai, baina bertze ekimenak ere antolatzen ditugu. Egia da kontzertu bat entzutea errazagoa dela aunitzetan, baina momentu horretan pasarte bat, poema bat edo ipuin bat irakurtzen badizute, beharbada interesa piztu eta liburu bat irakurtzeko grina sortuko dizute».
Oinarri sendo batetik abiatzen dira; «euskaldun hiztunak bagara, baina euskara hutsean mintzatzen, kontsumitzen eta bizitzen garenak ez gara aunitz, eta daukaguna zaindu behar dugu». Argi dute, aitzinera egiteko, «euskara hutsezko arnasgune hauek beharrezkoak direla eta bultzatu eta plazaratu behar ditugu, elkarri gogo hori transmititzeko. Hori da bidea». Horregatik, taldeko ateak irekiak daude euskara hutsezko ekimen guztiei.