Amaia Hennebutte

«Mugak hautsi eta ikasleak euskal literaturaren inguruan bildu nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 22a, 11:00

Ikusi Mikusi ekimeneko antolatzailea da Amaia Hennebutte, Sarako euskara hutsezko haur eta gazte literatura azoka, «lehena eta bakarra».

«Haur eta gazteendako euskal literatura oraindik garatzen ari den mundu bat da, eta poliki-poliki ezagutzera ematen ari da Iparraldean. Hau plazaratzeko sortu genuen ekimena». Azoka euskara hutsean izatea hautu bat da, «aunitzetan liburuak bi hizkuntzetan daudelarik, haurrek frantsesez irakurtzen bukatzen dutelako erraztasunagatik, eta hori saihestu nahi dugu». Gainera, «mugaz gaindiko proiektua» da Ikusi Mikusi, «Iparraldeko, Euskadiko eta Nafarroako indarrak elkartuta sortua. Mugak hautsi eta Euskal Herriko ikasleak bildu nahi ditugu euskal haur eta gazte literaturaren inguruan».

Galtzagorri elkarteak abiatu zuen ekimena; «Parisko Montreuil liburuaren azokara joaten gara urtero, aste oso batez haur eta gazte literaturari zuzendua egiten den azoka ikaragarrira, eta Euskal Herrian horrelako zerbait egitea pentsatu genuen». Duela hiru urte hasi ziren dena prestatzen, baina pandemia tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten. Beraz, 2021ean izan zen lehenbiziko edizioa, 2022an bigarrena, eta aurten hirugarrena izanen dute, urriaren 20an eta 21ean.

Bi egunez egitarau oparoa prestatzen dute; ortziralean eskolen eguna eta larunbatean familiena. Liburuez gain «idazleekin topaketak, tailerrak, ikuskizunak, mahai-inguruak… izaten dira, ez da azoka hutsa». Gainera, aurtengo berrikuntza haundia profesionalen eguna izanen da, ortziralean eginen dena; «hainbat erakundeetako profesionalak bildu nahi ditugu; EHU, EKE, Bilketa, Iparraldeko liburuzainak…».

Eskolen egunaren helburua Euskal Herri osoko ikasleak hurbiltzea da, eta horretarako lan bat eskaintzen diete aurretik; «gai bat botatzen diegu eta nahi duten moduan, taldeka zein banaka, lan bat ekoiztu behar dute, idazlana edo grafikoa. Aurtengo gaia Zure mugaz gaindiko mundua(k) da. Lanak gero azokan egoten dira erakusgai, eta oso polita da haurrek haien lanak ikusi nahi izaten dituztelako».

Hala ere, azokaren berezitasunik haundiena haur bakoitzari oparitzen zaion 15 euroko bonoa da, nahi duten liburua eros dezaten. «Oso lotuak gaude ekimen honi biziki potentea baita bi arrazoirengatik. Hasteko, Iparraldeko haur batzuendako haien lehenbiziko euskarazko liburua izaten da, familia anitz ez baitaude euskal kulturan murgilduak. Etxera sartzen dira lehen aldiz euskara hutsean den liburu batekin. Gainera, lehenengoz, haurrek dute hautatzen nahi duten liburua. Normalean gurasoak edo irakasleak dira liburuak aukeratzen dituztenak, baina bono honekin haurrak itzulia egiten du eta gehien erakartzen duen liburua hartzen du. Honek eragin haundia dauka haurrarengan. Gogoan dut guraso batek kontatutakoa; bere haurra 5 urterekin joan zen lehen azokara eskolarekin eta oraino aipatzen dio Ikusi Mikusi, oraino aipatzen dio Sara eta oraino erakusten dio berak hautatutako liburua».

Azokak «hutsune bat betetzen du», eta horregatik erantzun ona izan du hastapenetik. «Lehen Ikusi Mikusian ez genuen hainbertze jende espero, eskoletatik 900 haur inguru etorri baitziren. Sekulakoa izan zen. Bigarrenean 1.300 etorri ziren, eta muga bat paratu behar izan genuen eskola gehiagok izena eman nahi zutelako». Erakunde publikoen aldetik ere, «haurrendako euskal kultura sustatzeko gogoa sortzen ari da. Sarako Herriak, adibidez, aunitz laguntzen gaitu».

Haur literatura «garatuagoa izan da betitik Frantzian, eta ondorioz Iparraldean. Hegoaldean ohituretan sartzen ari da oraino irakasleen eta gurasoen artean». Hala ere, erronka nagusia berdina da euskaldun guziendako; «haurrek euskaraz irakurtzea lortzen dugu, baina 11-13 urterekin euskaraz irakurtzeari uzten diote, eta frantsesez edo espainolez hasten dira. Gure lana da hau zergatik pasatzen den ikertzea eta konpontzen saiatzea».

Doinuele sortzeko proposamena ailegatzean «buru-belarri» sartu ziren. «Euskara hutsezko azokak eta plazak elkartu ginen eta konturatu ginen ez garela hainbertze. Beti burutan dugu Durangoko Azoka, baina ez da euskara hutsean. Hau ez dago gaizki, baina guk eguna euskaraz pasatzeko, bizitzeko eta gozatzeko parada eman nahi dugu. Sarearen bitartez ezagutzera eman ahal ditugu gure ekimenak, eta urrunago ailegatuko gara. Gainera, bakarrak ez garela jakiteak on egiten du, eta sarearekin auzolanean aritu gaitezke. Horretarako, gure aurtengo helburua azoka guzietara joatea da, ikusteko, ezagutzeko eta ideiak trukatzeko. Ondoko etapa elkar laguntzea izanen da».

Euskararen aldeko ekimenak antolatzeko, «gogoa, indarra eta erokeria puntu bat izatea beharrezkoa da. Fede haundia behar da horrelako ekimen bat muntatzeko, laguntzarik ukanen dugun edo ez jakin gabe. Lan ikaragarria da, baina balio duen lana. Orain ohartu gara laguntza heldu dela, jendea eta erakunde publikoak gogotsu direla».

Etorkizunera begira, «gure asmoa euskal kulturan ezinbesteko hitzordua bilakatzea da. Jendeak argi izatea zer den, eta ahal badute, hurbiltzea. Ekimen biziki ederra da eta urte aunitzez irautea nahiko genuke».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun