«Solasaldiez gain, zerbait gehiago antolatzeko gogoa sortu zitzaigun, eta 2014an hasi ginen elkartzen. Genero beltzak gugan interes haundia zeukan aukera aunitz ematen dituelako; politika soziala, trama haundiak, suspensea, alde ilunari begirada… eta konturatu ginen Baztanek lotura haundia daukala nobela beltzarekin. Alde batetik, nobela aunitzetan aipatzen da Baztan, eta bertzetik, Mariano Izetaren lehen nobela, Dirua galgarri, Jose Antonio Loidirekin batera euskarazko lehenbiziko nobela beltza izan zen».
2015ean antolatu zuten lehenbiziko edizioa, eta baita ongi antolatu ere, asteburua motz geldituko zelakoan astebeteko egitaraua prestatu baitzuten. «Antzeko formatua mantendu dugu bederatzi edizioetan. Nahiz eta asteko egun guzietan ekitaldiak ez egin, jarduera ugari prestatzen ditugu. Lehenbiziko egunean Idazleekin Solasean izaten dugu; autoreak gonbidatzen ditugu eta haien liburuei buruz aritzen gara. Gainera, Izetarena jakitean, Dirua galgarri berrargitaratu genuen Baztango Udalarekin batera eta klasikoei egun bat eskaintzea erabaki genuen. Genero beltzak zinemarekin ere erlazioa dauka, eta interesgarria iruditzen zitzaigun zinemari bertze egun bat eskaintzea. Hori mahai-inguruekin, aurkezpenekin, jolasekin, mendi bueltekin… osatu genuen, ekitaldi serioagoak eta ludikoagoak antolatzeko aukera zabalduz. Denok ongi pasatzea zen gure helburua, argi genuelako literatura zaleak ez zirenendako ere gune bat zela. Ez genekien ongi funtzionatuko zuen edo ez, baina jende dexente etorri zen eta aunitz gustatu zitzaien, eta gu ere arras eroso sentitu ginen formaturekin. Beraz, nahiz eta berritasunak sartu, formatua arras antzekoa izan da urtero».
Nobela beltzaren erreferentziazko hitzordua bihurtu da Euskal Herrian, eta jendetza biltzen du urtero Baztanen astebetez; «klasikoen aurkezpenean, adibidez, aurten Sarrionandia izan dugu eta kopurutsuagoa izan da. Asteburuetan jende gehiago biltzen da; larunbatean bazkaria egiten dugu Erratzun eta 80 txartelera mugatu dugu, eta aurtengo Ruper Ordorikaren kontzertuan adibidez, 200 bat lagun izan ziren. Ekitaldi batzuetan bertako jendea biltzen da gehienbat, igande goizeko mendi bueltan adibidez, baina asteburu pasa jende pila etortzen da leku aunitzetatik».
Genero beltza erakargarria da irakurleen artean, «aukera haundia ematen duelako kritika sozialerako, landa zein hiri eremuko zikinkeria salatzeko. Gainera, arras biziak dira, elkarrizketa aunitzekin eta leitzeko errazak. Krimenak eta suspensea beti daude presente eta kontakizunak alde ilunetik, hiltzaile edo galtzailearen ikuspegitik egiten dira aunitzetan eta horrek ikaragarrizko jakinmina eta gogoa sortzen du. Arras nobela sinpleak direla dirudi, baina sakontzen hasita gai pila bat lantzen dituztela ikusten da eta normalean kritika soziala eginez».
Euskal eleberrigintzan ere aunitz landu den generoa da; «klasikoetatik hasita, Jose Antonio Loidi, Mariano Izeta, Gotzon Garate, Txomin Peillen, Xabier Gereño, Jon Mirande, Hasier Etxeberria… gaur egunera arte ikaragarria da zenbatek landu duten gaia; Itxaro Borda, Jon Arretxe, Alberto Ladron Arana, Jon Alonso… euskal nobela beltza arras oparoa da, eta aurkezpenetan liburu pila bat izaten ditugu aukeratzeko». Hau ezagutzera ematea da ekimenaren helburua; «Durangoko Azokan zer aurkeztuko den zain egoten gara urtero».
Baina liburuak ezagutarazteaz gain, idazmena ere sustatzen dute. «(H)ilbeltza beka antolatzen dugu, urte batez sormenari ematen dioguna eta hurrengoan itzulpenari. Liburu zoragarri piloa daude euskarara itzuli gabe eta gure hizkuntzan leitzeko aukera ematen digu itzulpenak». Taldeak euskaraz bizitzeko duen helburuan, pauso haundia da atzerriko liburuak euskaraz leitzeko aukera izatea, «ederra baita zure hizkuntzan irakurtzea».
(H)ilbeltza indartzeko eta ezagutzera emateko erabaki zuten Doinuelerekin saretzea; «jendea ohartzeko ez dela gauza puntuala, Euskal Herrian zirkuitu bat daukagula eta horrelako ekimen aunitz antolatzen direla. Orain (H)ilbeltza momentu onean dago, gogotsu gaude eta jendea etortzen da, baina ahulguneetan heldulekuak izatea arras garrantzitsua da, helburu bera dugun jende aunitz garela jakitea».
Horrelako ekimenak euskaraz antolatzea ez da beti erraza; «euskaraz bizitzea eta kontsumitzea ez baita erraza. Dirulaguntzak lortzea da zailtasun haundiena». Hala ere, «(H)ilbeltza landa eremuan izateak ez digu zailtasunik ekarri. Kontrakoa, errazagoa da udalarekin gauzak antolatzea eta bertze taldeekin egutegi bateratua antolatzea».
Etorkizunera begira, «horrelaxe segitzea» dute helburu. «Hasi ginenean ez genekien urte bat, bi edo hiru izanen ziren, eta heldu den urtean hamargarren edizioa izanen dugu. Baina ez daukagu inongo pretentsiorik; nazkatzen garen egunean utziko dugu. Gozatzeari uzten badiogu, ez dugu egingo egin behar delako. Gustuko dugulako egiten dugu, eta nik uste hori transmititzen dugula. Ez gara esperoan gelditzen ea guk nahi dugun hori ekartzen diguten, guk sortzen dugu, eta guretzako gozamen bat den heinean, horrela segituko dugu».