Helduek ere ikasten segitzeko aukera izan dezaten

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 21a, 08:00
Maiatzaren hasieran egin zituzten irailean ikastaroa hasteko maila probak. Irudian, Beran, hainbat herritar azterketa egiten.

Helduentzako eskola sortzeko prozesuan ari dira eskualdeko hainbat erakunde. Ikastaroak irailean hastea da asmoa

Helduek ere ikasten segitzeko gune bat izatea. Horixe da Bortziriak, Malerreka eta Baztango hainbat erakunde eta entitatek bete nahi duten helburua. Horretarako, helduentzako eskola bat eratu nahi dute, hala nahi dutenek hemen ikasteko aukera izan dezaten. Espainiako Konstituzioak, zein Nafarroako Parlamentuak onarturiko 1/1900 legeak zehazten dute hezkuntza-administrazioak heldu guztiek oinarrizko hezkuntza erdietsi ahal izango dutela. Orain artean, ordea, eskualdean ezinezkoa zen hori, izan ere Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen ikasteko aukera bakarra Iruñera joatea zen. Eskualdeko hainbat eragile murgildu dira proiektuan batera, hezkuntza komunitatea, udalak, enplegu zerbitzua… Eta horien guztien elkarlanari esker lortu dute eskola martxan paratzeko prozesua abian jartzea. 

Gabezia hori betetzeko sortu nahi dute eskola, eta anbizio handiko proiektua izanagatik, urratsez urrats egin nahi dute bidea. Irailean hasi asmo dute, eta horretarako prestaketak egiten ari dira egun. Hasteko, eskaintza murriztua eskainiko dute: alde batetik DBHko titulaziorik ez dutenentzako funtsezko gaitasunen ikastaroa, eta horrekin batera, atzerritik etorritakoentzako gaztelaniazko ikastaroak. Funtsezko gaitasunen ikastaroa eskaintzea «proiektu estrategikoa» da bultzatzaileen ustez, izan ere hori da DBHko titulaziorik ez dutenek enplegu zerbitzuko ikastaroak egin ahal izateko duten urratsa.

Orain artean, azterketa bat eginez lortzen zen titulazioa hori, baina, hemendik aitzinera ikastaro baten bidez ere egiten ahalko da. Eta hemen bertan egitea da helburua, Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen, Beran, Donezteben eta Elizondon, alegia. Horretarako hasi dute bidea dagoeneko, maiatzeko lehenengo egunetan egin baitzituzten ikasle bakoitzak duen maila aztertzeko probak. Ikastaroa aitzinera ateratzeko gutxienez 15 lagun behar dira, eta hori bermatzea da erronka orain. 15 lagun elkartuz gero, beraz, irailean hasi eta urtarrila bitartean egingo lukete lehen ikastaroa, eta aterako ez balitz, otsailean egingo lukete bigarren saiakera bat. 

Oinarrizko hezkuntzako ikastaroez gaindi, eskualdean helduentzako eskola sortzeak aukera anitz ekar ditzakeela uste dute bultzatzaileek. Izan ere gako gaitasunen eta hizkuntza ikastaroez harago, jakintza orokorreko bertze batzuk egitea da asmoa, frantses ikastaroak adibidez, edota bertzelako alorren ingurukoak. Helduen hezkuntza sustatzea da finean, ikasi nahi duenak eskualdean ikasi dezan, eta ez dezan Iruñeko bidea hartu.1

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun