Mariaje Ganboa

«Edozein helduk probesten ahalko duen eskola izanen da helduentzako eskola»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 21a, 09:00
Mariaje Ganboa da proiektuaren sustatzaileetako bat.

Doneztebeko Enplegu Zerbitzuko arduraduna da Mariaje Ganboa, eta bera izan da helduen eskolako sustatzaileetako bat. Orain artean horrelako proiektuak bakarrik garatu ondotik, bereziki garrantzitsua iruditzen zaio helduen eskola elkarlanean sorturikoa izatea, eta gizarte zerbitzuek egindako lana nabarmendu du. 

Enplegu Zerbitzu gisa horrelako proiektu bat garatzeko zituzten beharren berri eman du: «Guk eskaintzen ditugun ikastaroetan parte hartzeko, ezinbertzekoa izaten da DBHko titulua izatea, eta gu konturatu ginen, eskualdean bazegoela jende aunitz hori ez zeukana. 200 pertsona inguru zenbatu genituen». 

Hutsune horri aurre egiteko, sustatu dute Funtsezko Gaitasunen Titulua eskaintzeko helduentzako eskola. Izan ere, behin titulu hori eskuratuta ikasleek lanbide zerbitzuetako ikastaroetan parte hartzeko aukera dute, lan aukera berriak sortuz. Orain artean urtero izan dituzte ikasleak titulazio hori egiteko azterketa libre egin izan dutenak, eta gabezia hori bete nahi dute orain. Eskola hiru lekuetan sortzea dela asmoa azaldu du: «Argi daukaguna da ezin dugula helduen eskola bat toki bakar batean egin, parte hartuko luketen ikasleak ezin direlako hain erraz mugitu. Hezkuntza departamenduak taldea sortzeko gutxienez 15 pertsona eskatzen ditu, eta ez gaude oso urrun zenbaki horietatik».

«Argi daukaguna da ezin dugula helduen eskola bat toki bakar batean egin»

Herriren batean talderik aterako ez balitz, gainera, bertako ikasleak bertze bietara bideratzeko asmoa dutela azaldu du. Maila probak egin dituzten arren, nabarmendu du oraindik ere badela izena emateko aukera: «Orain maila proba egin ezin dutenek ez dute arazorik izanen aitzinerago proba egin eta irailean hasteko». 

Hasiera batean, gako gaitasunen ikastaroa egin ondotik, bertzelako eskaintza sustatzea garrantzitsua iruditzen zaio: «Oso interesgarria iruditzen zait, adibidez, frantses ikastaroak egitea. Herritarrek ikusi behar dute hau edonorentzako moduko eskola dela, helduentzako dela, eta denok probesten ahal dugula eskualdean». Hori lortzeko «talde bezala lan egiten eta eskaintza osatzen» jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu du.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun