Ana Indaburu

«Gaur egun zaila da hezkuntza titulurik gabe lan duin bat aurkitzea»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 21a, 11:00
Ana Indaburu Elizondo Lanbide Eskolako orientatzailea da, eta uste du garrantzitsua dela bidea elkarrekin egin izana.

Ana Indaburu Elizondo Lanbide Eskolako orientatzailea da helduen eskola gauzatzeko proiektuan buru belarri aritu den bertze eragileetako bat. Hezkuntza alorretik ere, helduen hezkuntza bete beharreko premia gisa ikusten du Indaburuk

«Gaur egun ikaskuntza bizitzan zehar ematen den prozesua da. Helduen irakaskuntzarendako eskola bat izateak, pertsona helduei ikasten jarraitzeko aukera ematen digu. Gainera, nabarmendu du «helduentzako ikasketa aukera hau ez duen Nafarroako eskualde bakarra dela gurea», eta «horren beharra garbi dagoela». 

Ikasketak erdibidean utzi dituztenentzat, edo ikasketarik ez dutenentzako aukera ona dela iruditzen zaio, izan ere, argi du «gaur egun gero eta zailagoa dela lan duin bat aurkitzea inolako formakuntzarik edo hezkuntza titulurik izan gabe». Profil anitzetako jendea dagoela kontatu du: ikasketarik gabeko etorkinak, oinarrizko ikasketak bukatu gabeak dituztenak, OHOko ikasketak egin zituztenak, baina, gaur egungo DBHko titulura egokitu behar direnak.. Horregatik, azaldu du hasmentan gaztelania eta Oinarrizko Konpetentziak lantzen dituzte ikastaroak antolatuko direla eskualdeko premiak betetzeko.

«Ikastaro hauek ikastera bueltatzeko aukera paregabeak dira»

«Ikastaro hauek ikastera bueltatzeko aukera paregabeak dira. Alde batetik, 2. Mailako Profesionaltasun Ziurtagiriak egin daitezke, ziurtagiri hauek lan munduan Lanbide Heziketako Erdi Mailako Graduen baliokideak dira. Eta bertzetik, Oinarrizko Konpetentziak gaindituz gero eta ondoren Sarbide Proba eginez, Lanbide Heziketako Erdi Mailako zikloak egiten ahal dituzte».

Helduen hezkuntza lortzeko bidea elkarrekin egin izana azpimarratu du Indaburuk: «Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen beti egon da mahai gainean gai hau, eta denak batera joatea zen falta zitzaiguna. Bortzirietan plazaratu zen beharra, eta horren harira hasi ginen elkarlanean. Elkarlan erraza izan da, alor desberdinetako profesionalak gaude, eta bakoitzak bere esparrutik ekarpenak eginez aberastu dugu taldea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun