Itziar Iguzkiagirre eta Uxoa Gamio

«Helduen eskolak herritar guztien aukera berdintasuna bermatuko du»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 21a, 10:00
Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako langileak dira Itziar Iguzkiagirre eta Uxoa Gamio.

Helduaren eskolaren bertze sustatzaileetako bat da Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, eta Itziar Iguzkiagirre eta Uxoa Gamio aritu dira langintza horretan.«Eskualdean dagoen behar bati erantzuteko beharrezkoa» iruditzen zaie biei helduen hezkuntza sustatzea

«Errealitate desberdinak ikusten ditugu: atzerritik etorri eta beren herrialdean ikasketak egin dituzten arren, hemen homologatzeko zailtasunak izatea, ikasteko aukerarik izan eta oinarrizko ikasketarik ez dutenak, formazioetan parte hartzeko gogoa izan, baina baldintzarik ez dutenak...». Kasu horietarako guztietarako helduen eskola bat izatea onuragarria ikusten dute: «Helduen hezkuntzak eskaintza ugari ditu, eta jendearentzat aberasgarria izango litzateke. Gainera, helduen hezkuntza pertsona guztiei eskaintzen zaien errekurtso bat denez, herritar guztien aukera berdintasuna bermatuko du». 

Onura pertsonalaz harago, helduen eskolaratze zentro bat izateak gizarte mailan izango dituen onurak nabarmendu dituzte: «Pertsona formatuagoak izango ditugu, gizartearen balioak eta kultura hobetuz. Horrez gain, kolektibo horien presentzia handituko da, eta harreman eta sozializazio aldetik ere eragin positibo aunitz izango ditu».

«Pertsona formatuagoak izango ditugu, gizartearen balioak eta kultura hobetuz»

Orain artean, batez ere atzerritik etorri eta gaztelania ez zekiten herritarrak artatu izan dituzte, eta unean uneko erantzunak eman dizkiete, batez ere Elkarrizan boluntario taldearen bidez. Oraingo honetan, ordea, «tokiko entitateek elkarrekin lan eginez, beharrak integralki asetzea lortuko dugu».

Helduen Hezkuntza Zentroa eraikitzeak «onurak» ekarriko dituela uste dute biek, nahiz eta kontziente diren denbora behar dela horretarako. Horregatik, momentuko beharra ikusita, funtsezko gaitasunak eskuratzeko ikastaroak bultzatzen aritu dira orain arte: «Gizarte zerbitzuetatik interesa izaten ahal duten pertsonekin elkartu gara, sareen bidez informazioa zabaldu dugu eta herritarrak bertan parte hartzera animatu ditugu. Hemendik aitzinera aurrera pausuak ematen jarraituko dugu eskualdeak Helduen Hezkuntzako zentroa izan arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun