N-121-A

Haizagailu berriak jartzeko lanak akituta, Belateko eta Almandozko tunelak berriz irekita daude gauez ere

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 31a, 09:00

Azaroaren 25ean itxi zuten gaueko trafikoa Almandozko eta Belateko tuneletan barrena eta, bi tuneletako aireztapen-sistema berritu ondotik, berriz ireki dituzte bart arratsean. Denetara 40 haizagailu berri paratu dituzte eta horretarako 1,2 milioi inbertitu ditu Nafarroako Gobernuak.

Guztira 22 haizagailu ordeztu dituzte Belateko tunelean eta bertze 18 Almandozkoan. Lehendik zeudenak duela 24 urte paratuak ziren. Orain jarri dituztenak 1,4 metroko diametroa eta 3,6 metroko luzera dute eta 1.675 kiloko pisua bakoitzak. Zurrusta jarioko gailu axialak dira, % 100 itzulgarriak, eta 400º C-ko tenperaturari eusten ahal diete 2 orduz.

Gogoratu behar da haizagailuak ordezteko lanak gaueko ordutegian (22:00 - 06:00) egin dituztela, trafikoaren afekzioak minimizatzeko. Tarte horretan zirkulazioa errepide zaharretik desbideratu dute.

Aireztapen-sistemaren helburu bikoitza

Batetik, tunelen barnean dagoen kutsadura-maila baldintza optimoetan mantentzea. Eta, bertzetik, suteren bat gertatuz gero, tunelen barnean sortuko den kea aireztapen sistemaren bidez kudeatu ahal izatea. Izan ere, galerien barnean sute bat gertatzen denean kea pilatzea izaten da arrisku faktoreetako bat. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun