N-121-A

Ortzirale honetan 20 minutuz moztuko dute N-121-A errepidea

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 12a, 09:00

Herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete

Errepide seguruago bat eskatuz, nazioarteko garraio astuna A15era desbidera dezaten eskatzeko, ortzirale honetan, maiatzaren 14an, berriz moztuko dute errepidea. Alkaiagako bidegurutzean, N-121-A errepideko 63-64. kilometroan eta Uharteko Zokoarena biribilgunean, PA-30 errepideko 8-9. kilometroan errei bat moztuko dute, 20:00etan.

Apirilaren 16an egin zuten aurtengo lehenbiziko errepide mozketa, N-121-A errepideko 11 puntutan bortz minutuz. Aldi honetan, ordea, bi puntutan moztuko dute, tartean, Bera eta Lesaka artean, Alkaiagako bidegurutzean. Mozketa 20 minutukoa izanen da eta helburua argia: nazioarteko garraio astuna A15era desbidera dezaten eskatzea. 20:00etan egina dute deialdia eta Irungo noranzkoan eskuineko erreia moztuko dute. Adierazi dutenez, segurtasun tartea mantenduz lerroan jarriko dira protesta egiteko eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Bertzalde, Mikel Uriarte Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak joan den astean jakinarazi zion TTIPI-TTAPAri, gai honi lotuta herritarren plataforma sortzeko asmoa dutela, «bakoitzaren alderdiarekin eta karguekin loturarik izan gabe» osatu nahi dute taldea eta «helburu argi horrekin ados dagoen edozein herritar» bildu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun