Zenbait tokitan (Sunbillan, erraterako) errepidea erabat moztu dute, baina bertze zenbaitetan bide baterrean egin dute protesta. Kritiko mintzatu dira gaurko errepide mozketetan Nafarroako Gobernuarekin. Haren «zentzugabekeria» salatu dute, «paraleloa den A15eko ordainlekua saihesteko, errepide hau egunero erabiltzen duten milaka kamioi desbideratzeari uko egiten diolako».
Trafiko astuna desbideratzeari buruz gobernuko hainbat kargudunek egindako hitzak ekarri dituzte gogora. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi izan duenez, «Foru Gobernuko zerbitzu juridikoek desbideratzea ezinezkoa dela erraten digute. Errepide nazional batez ari gara». Horren harira, «N 232 (Zaragoza eta Logroño arteko ardatza), N II eta N 340 (Frantziatik Mediterraneora doan korridorea) eta N 240 (Ebrotik Tarragonara doan ardatza) errepideak ere errepide 'nazionalak' direla» oroitarazi dute: «Baina Errioxako eta Kataluniako gobernuek beren herrien segurtasunaren eta lasaitasunaren aldeko apustua egin zuten, kamioiei bertatik ibiltzea debekatuz».
«Errioxako eta Kataluniako gobernuek beren herrien segurtasunaren aldeko apustua egin dute, kamioiak errepide batzuetatik ibiltzea debekatuz».
«Nafarroako Errepide Sare osoan ezbehar-tasa eta heriotza-tasa handiena duen errepidea da N-121-A».
Jabier Remirez presidenteordearen ustez, berriz, «segurtasun juridikoaren ikuspuntutik, ez da betetzen ezbehar-tasen baldintzarik». Horri erantzunez «segurtasun juridikoak zenbat hildako eskatzen dituen» galdetu dute: «Historikoki, Nafarroako Errepide Sare osoan ezbehar-tasa eta heriotza-tasa handiena duen errepidea da N -121-A. Azken hiru hamarkadetan 200 pertsona baino gehiago hil dira eta bertze ehunka pertsona larri zauritu dira».
Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Lopez Vera Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren aipuak ere aipatu dituzte: «Ziriza kontseilari jaunak argudiatu du N-121-Aren arazoak ez duela 'zerikusirik' Errioxan eta Katalunian izandako desbideratze-kasuekin. Lopez Vera zuzendari nagusiak dio ez dakigula 'zein ondorio ekonomiko ekar diezaiokeen Nafarroako Administrazioari neurri hori hartzeak'. Bada, gaur salatu dutenez, «bistan da ia kasu berdin-berdinak» direla eta Kataluniako N II errepidearen adibideaz aritu dira: «Trafiko astunaren bolumen handiko ibilbidea da, eta argi gelditu da istripu hilgarri aunitz ekidin daitezkeela. Ordainlekuetan desbideratu diren kamioiei hobariak aplikatu zaizkie, Sustapen Ministerioak eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak lagunduta eta bermatuta, eta toki-administrazioari ez dio inolako kosturik eragin».
Kritikatu dutenez, «Zirizak adierazi du ez duela ematen errepidea pilatua dagoenik. Trafiko arina iruditzen al zaio mugarako bidearen azken zatiko kilometroetan gertatzen diren ehunka kamioiren ilarak?».
Bertzalde, Txibitek Bertizera egindako bisitan, «azpiegiturak zonaldeko lurralde eta gizarte kohesiorako garrantzitsuak» direla aipatu zuen, eta «N-121-A 2+1 errepide bihurtzen eta tunelak bikoizten ahalegin ekonomiko handienak eginen dituztela» erran zuen. Ez dira, ordea, iritzi berekoak gaurko mobilizazioa deitu dutenak: «Iruñea eta Behobia artean dauden 88 herrietako biztanleontzat eta errepide hau egunero erabiltzen dugunontzat lurralde-kohesioan lagunduko lukeen errepide bat izanen litzateke, ez balego hain betea eta lasaiagoa, garbiagoa, seguruagoa eta ondo mantendua balego». Nabarmendu dutenez, «ez dugu nahi Europa barneko korridore bat, pixa egitera ere gelditzen ez diren kamioiez betea». Horrek «bide ertzetan dauden herrien bizikidetza baldintzatzen» duela uste dute, «tokiko garapen sozial eta ekonomikoari ekarpen txikia» egiten diola, eta aldiz, «ingurumen-degradazioari ekarpen handia».
«N-121-A errepidearen kontserbazio egokia eta segurtasuna garestitzen eta zailtzen duena hainbertze ibilgailuren joan-etorri geldiezina da».
Gobernuak «orain arte N-121-A errepideko galtzadaren eta tunelen kontserbazio eta segurtasun-baldintza egokiei ez diela eutsi» ere adierazi dute, eta «2+1 errepideak eta bi tunel berriek izanen duten mantentze-lan garestiarekin lortuko duela pentsatu behar dugu?». Gaurko errepide mozketan erran dutenez, errepide horren «kontserbazio ona eta segurtasuna garestitzen eta zailtzen duen zerbait baldin bada, hori tona aunitzeko hainbertze ibilgailuren joan-etorri geldiezina da».
Argi utzi nahi izan dute 2+1 errepidea egitea edo tunelak bikoiztea ez dutela eskualdeko alkateek eta herritarrek proposatu. Are gehiago, «Europak eskatzen duen segurtasun-maila betetzeko tunelak bikoiztea ez dela beharrezkoa» gaineratu dute eta erabakiak gobernuak «aldebakartasunez» eta «eskualdeko bizilagunen borondatea kontuan izan gabe» hartu dituela salatu dute.
«Gure lurraldean jatorria edo helmugarik ez duten kamioiak desbideratzea posible da, egin daiteke. Ez dugu bertzerik eskatzen».
Hori horrela, eskaera argia egin dute: errepidearen «segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko kamioiak A-15era desbideratzeko» exijitu dute: «Gure lurraldean jatorria edo helmugarik ez duten kamioiak desbideratzea posible da, egin daiteke. Doako neurria da. Ez dugu bertzerik eskatzen». Nabarmendu dutenez, «N-121-A errepidearen eremuan jatorria eta helmuga ez duten ibilgailu astunak desbideratzea» da eskatzen dutena. Horrek Belateko tunelen arriskua «modu eraginkorrean murriztuko» lukeelakoan daude, eta hala, «Oronozko suhiltzaileek tunel hauen segurtasuna hobetzeko egiten duten premiazko erreklamazioarekin bat eginen luke».
Txibite presidentearekin «berriz biltzen saiatuko» direla ere argitu dute. «Bitartean, Nafarroako Gobernuak ahalegin eta borondate falta argia baino ez duela erakusten pentsatzen jarraituko dugu».