Horrek errepidearen segurtasuna hobetuko duela sinetsita, lanean segitzen dute herritarrek eta, berriki, plataforma bat sortzeko asmoa adierazi dute. Eskaerarekin bat egiten duten herritarrak plataforma batean bildu nahi dituzte, eta argi utzi nahi izan dute, «bakoitzaren alderdiarekin eta karguekin loturarik izan gabe, herritarrek sortutako plataforma» izanen dela. Halaxe adierazi dio Mikel Uriarte Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak TTIPI-TTAPAri: «orain arte alkateak eta suhiltzaileak bultzatu dugu eskaera hau, baina hemendik aitzinera helburu argi horrekin ados dagoen edozein herritar bildu nahi dugu plataforman». Talde hori «anitza eta gardena» izanen dela nabarmendu du.
DGTren 2017ko txosten batek desbideratzea proposatu zion Espainiako Barne Ministerioari
DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren 2017ko txosten bat ere ekarri du gogora Uriartek eta adierazi duenez, «txosten horretan DGTk nazioarteko garraio astuna N-121A errepidetik A15era desbideratzea proposatu zion Espainiako Barne Ministeriori».
Nafarroako Gobernuaren aldetik, ordea, Uriartek ez du «interesik» ikusten. Baina bidea hori dela konbentzituta, borrokari eusteko konpromisoa dutela dio, eta Kataluniako adibidea paratu du mahai-gainean: «Katalunian, 79 egunez segidan errepidea moztu zuen herri bakar baten iraunkortasunak Frantziako mugara doan N-II errepidean kilometro osoko trafiko astuna desbideratzea lortu zuen».