Jonan Goñi

Jonan Goñi: «Arrazoi asko ditugu kalera ateratzeko eta borrokatzeak bere fruituak ematen ditu»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 29a, 16:00

Langilearen Nazioarteko Eguna dugu larunbatean, maiatzaren 1ean. Jonan Goñirekin jardun dugu, Baztan-Bidasoko LABen arduraduna dena otsailetik, eta sindikatuak egun hauetarako dituen asmoak azaldu dizkigu. Bertzeak bertze, mobilizazioa deitu dute larunbaterako, Elizondoko plazan 12:00etan.

Zeintzuk dira zure eginbeharrak arduradun gisa?

Denetarik… normalean hemen egiten duguna enpresetako ordezkariekin egotea da; zalantzekin lagundu, beraien hitzarmenak negoziatu, edozein kontsulta eskaini, hauteskunde sindikalak lantokietan egin, borrokak mobilizatu… Lanik ez dugu falta.

Langilearen Egunari begira, aste honetan hainbat ekimen antolatu dituzue inguruan...

Bai, atzo hasi ginen, Doneztebeko Herriko ostatuan Huertas de Peraltako nekazariek egin zuten borrokaren emanaldi bat egin genuen. Harrera ona izan zuen, jendeak modu aktiboan parte hartu zuen hitzaldian eta oso gustura ibili ginen.

Gaur daukagu bigarren ekimena, Berako Kultur Etxean 18:00etan. Zaintza lanen sektoreko langileekin egonen gara; Bera, Lesaka eta Elizondoko Zahar etxeetako langileekin, haien aldarrikapen, kezka eta helburuak entzuteko. Gero, Gaztelu Garraldaren txanda izanen da, LABeko sektore honen arduraduna Nafarroan, duela gutxi sindikatuan martxan jarri diren hainbat ekimen azalduko dituenak. Oso prekarizatua dagoen sektorea da, gehien bat emakumezkoek pairatzen dutena. Gainera, orain Covid-arekin zer nolako garrantzia daukaten ikusi dugu, eta agerian utzi du zahar etxeen zaintza ereduak eta lan-baldintzak ez direla hoberenak.

«Gure bizimoduaren kontrako neurriak ezarri nahi dituzte gutxi batzuen onura ekonomikorako»

Jonan GOÑI, LABeko Baztan-Bidasoko arduraduna

Bihar izanen da hirugarrena, Lesakako Arrano tabernan. Bistan dago Euskal Herri osoan gazteek arazo handiak dituztela lana topatzeko eta lan eskas horiek oso prekarizatuak daudela. Horrek askotan bizi proiektu bat garatu ahal izatea oztopatzen du, eta eskualdean, gazteek hemen bizitzen geratzeko duten arazoa ikusten ari gara.

Larunbaterako mobilizazioak deitu dituzue Euskal Herri osoan, baita Elizondon ere. Zein helbururekin?

Gertatzen ari zaigun guztia salatu behar dugu; badaramatzagu urte asko sistema kapitalistak langileen eta herritarren eskubideak erasotzen dituela eta pandemia aitzakia bezala erabiltzen ari dira aspalditik datozen neurri horiek bizkortzeko. Ikusten ari gara milaka herritar haien lanpostuetatik kaleratuak izaten ari direla, zerbitzu publikoetan murrizketak badaudela, erretiro adina luzatu nahi dutela, pentsioak kolokan jarri nahi dituztela, zaintza lanetan prekarietatean bizi direla... Gure eskualdean ere ikusten ari gara Aroztegia edo Magnarena bezalako proiektuak. Gure naturaren eta bizimoduaren kontrako neurriak ezarri nahi dituzte edozein preziotan oso gutxi batzuen onura ekonomikorako.

«Balioan jarri nahi ditugu langileek abiatutako borrokak»

Jonan GOÑI, LABeko Baztan-Bidasoko arduraduna

Horrekin batera, balioan jarri nahi dugu herritar eta langileek abiatutako hainbat borroka, herria bizirik dagoela, langile mugimendua bizirik dagoela. Adibidez, Aroztegia eta Magnaren proiektuen aurkako hainbat ekimen eta mobilizazio aurrera eramaten ari dira, eta Aroztegiko kasuan gainera lortu dugu, momentuz behintzat, gelditzea. Ikusten ari gara osasun eta hezkuntzan langile eta herritarrak mobilizatzen ari direla zerbitzu publiko duinak eskatzeko, adibidez, Lesakako edo Elizondoko zahar etxeko langileek mobilizatzea erabaki dute beraien lan baldintzak eta hitzarmena berritzeko, pentsionistak hilabetero kalera ateratzen dira… Arrazoi asko baditugu kalera ateratzeko, eta borrokatzeak bere fruituak ematen ditu. Hainbat dinamika piztuta daude, eta hori da bidea.

Jende aunitz espero duzue Elizondon? Segurtasun neurriak ziurtatu daitezkeela uste duzu?

Oso jarrera positiboa jasotzen ari gara larunbatari begira herritarren aldetik. Eskualdean antolatu den mobilizazio bakarra da eta jendea gogotsu dago beraien aldarriak kalera ateratzeko. Borrokarako momentua da, baita festa eguna ere, eta hori ospatu behar dugu langileok. Hala ere, ezin dugu ahaztu pandemia egoeran gaudela eta segurtasun neurri guztiak errespetatu behar ditugula parte hartzaile guztien osasuna kolokan ez jartzeko. Horretarako, antolakuntzan segurtasun neurriak errespetatzen direla bermatzeko pertsonak egonen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun