Etorkizunera begira, Baztan Park proiektua ere pausu sendoak ematen ari da, «ikusiko dugu noraino… Gauzak serio egiten ari gara, udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Etorkizuna itxaropentsu ikusten dugu. Gaur egun ari dira eskolak eta udalekuak mugitzen, ikusten da poliki-poliki normaltasunera itzultzen ari garela eta horrek ilusioa sortzen digu», aipatu digu Altzuartek.
Martxoaren 19an, San Jose egunean irekiko dituzte beraien instalazioak, «bai Legasako jatetxea, Narbarteko aterpea, bi parkeak… enpresa normaltasunera itzuliko da, langileak hartuko ditugu berriz ere. Ikusi beharko dugu nola dauden protokoloak une horretan».
Joan den urteari gainbegirada eginez, «martxoko itxialdiaren ondotik udaran ireki genuen eta ongi joan zen –aipatu digu BKZ eta Baztan Abentura Parkeko arduradunak–jendeak naturarekin harremanean jartzeko gogotsu zegoen eta inoiz baino familia eta bakarkako gehiago izan genituen. Egia da taldekako udalekuak denak pikutara joan zirela. Abenduan berriz ere itxi behar izan genuen, ekintzarik ez genuen prestatu eta mantentze eta bulegoko lanak bakarrik mantendu genituen».
Martxoaren 19an irekiko dituzte berriz ateak, beraz, eta sasoi berriari itxaropenez begiratzen dio Mattari Altzuartek.