Urtearen bukaera aitzineko hamabi hilabeteetako irakurketa egiteko baliatu ohi da. Aurtengoan, gainera, erranahi berezia hartzen du, pandemiak eragin handia izan baitu bertso saioen kopuruetan eta ezaugarrietan, bertzeak bertze.
Xenpelar Dokumentazio Zentroko datuen arabera, 2019an, «bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi» egin ziren; aurtengoa bukatzerako «iragarrita daudenak aintzat hartuta, berriz, 2020an, 435 eginen direla» aurreikusten da. Bertzela erranda, bi urteak alderatuta, «hamarretik sei saio ez dira egin». Horrek «735.000 euroko galera ekonomikoa» ekarri du berekin.
Eragin handiena, libreko saioetan
Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek, eta, ondorioz, bertso saio mota jakin batzuengan ondorioak handiagoak izan dira.
Elkarteak adierazi duenez «lagunarteko eta libreko saioen kasua da hori. Saio hauek osatzen dute multzorik handiena urteroko bertso plazan: hau da, otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituztenak. Aurten, %58 jaitsi dira lehenak, eta %86 bigarrenak».
Baldintza hauen menpe «jaialdiak – bertsolariak oholtzan eta haien aitzinean ikus-entzuleak - izan dira pandemia egoerari hobekien eutsi diotenak, nahiz eta iaz baino gutiago izan diren: 138 egin dira, %37 gutiago».