IX. Mariano Izeta Bertso Sariketa abenduaren 27an Iruritan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 24a, 10:00
2016ko irabazlea eta parte-hartzaileak Izeta familiarekin.

Abenduaren 27an, igandean, egun osoko egitaraua antolatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean.

Goizean lehen kanporaketa 11:00etan jokatuko dute. Patxi Castillo (Bera), Bittori Elizalde (Iruñea), Irati Majuelo (Iruñea), Aitor Irastortza (Azpirotz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Ainara Ieregi (Barañain), Mikel Lasarte (Barañain) eta Beñat Astiz (Barañain bertsotan ariko dira eta Maialen Belarra izanen da gai jartzailea. Bigarren kanporaketa 12:45ean jokatuko dute. Sarai Robles (Barañain), Amaia Lasheras (Barañain), Endika Legarra (Iruñea), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Xabat Illarregi (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera), Idoia Granizo (Altsasu) eta Ekain Alegre (Altsasu) bertsotan ariko dira eta Ainhoa Larretxea izanen da gai jartzailea.

Saio honetarako sarrera librea da, baina edukiera mugatuaren ondorioz, ezinbertzekoa da tokia erreserbatzea. Horretarako, nafarroa@bertsozale.eus helbidera e-Posta bat bidali behar da abenduaren 27a baino lehen, izen-abizenak eta kontakturako telefonoa utzita. 

Finala 17:30ean jokatuko dute eta kanporaketetako bi irabazleak eta puntuazioaren araberako bertze lau bertsolari lehiatuko dira. Saio honetan gai jartzaile Ander Aranburu izanen da. Internet bidez sarrerak erosteko aukera saioaren eguneko 15:00etan bukatuko da. Saioaren egunean, sarrerarik geldituko balitz, 16:00etan zabalduko dute leihatila. Aretoko ateak 16:00etan irekiko dituzte. Covid-19aren ondorioz, hainbat segurtasun neurri hartuko dira, eta komeni da aretora garaiz joatea, pilaketak ekiditeko. Antolakuntzako kideek jakinaraziko dute bakoitza non eseri behar den.

Bederatzigarrenez, Izeta gogoan 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak erantzukizunez antolatu dute sariketa, beharrezko neurri guztiak bermatuta, baina aldi berean, kulturarekiko eta bertsolaritzarekiko apustuari eutsiz. 

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi eta Saats Karasatorre. 

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.  Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen. 

Izeta Sariketak, garai batean jokatzen zen Xalto Sariketa edo 2017an abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun