Koronabirusa

Ratioak jaisteko, irakasle gehiago, langileei probak egiteko eta telelana errazteko neurriak eskatu dizkiote sindikatuek Hezkuntza Departamentuari

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 20a, 14:00

Ikastetxe publikoetan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin bildu dira Hezkuntza Departamentuko ordezkariak eta hainbat eskaera luzatu dizkiote. Hezkuntza Departamentuak, bere aldetik, bihar jakinaraziko ditu ikasturte hasierako irizpideak.

Ikasgeletako ratioak jaistea, irakasle gehiago kontratatzea, irakasleei eta ikastetxeetako gainerako langileei PCR probak edo test serologikoak egitea, telelana errazteko neurriak hartzea eta osasun arazoak dituzten irakasleak babesteko aurrez aurreko eskolak ematera ez behartzea. Eskaera horiek luzatu zizkieten atzo hezkuntza publikoko Mahai Sektorialean ordezkaritza duten LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Departamentuari. Sindikatu horiek izan ziren atzo berean Nafarroako Irakaskuntza Publikoren Kalitatea Hobetzeko Ituna batetzeko elkarretaratzea egin zutenak. 2018an sinatu zuten hitzarmenean bildua dagoen bezala, 57 urte baino gehiago dituzten irakasleei lanorduak murrizteko eskatu zuten edota eskola ttikietan zuzendaritza orduak konpentsatzeko.

Hezkuntza Departamentuko ordezkariek, berriz, segurtasun eta osasun neurriak indartzeko esku artean dituzten aukeren inguruan lanean ari direla aipatu zuten. Eta horien artean, Haur Hezkuntzan ratioak jaisteko aukera, bertze mailetan irakaslegoa indartzeko aukera eta lanaldi jarraitua ezartzeko asmoa mahai gainean paratu zituzten.

Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak azaldu zuenez, ikastetxeetarako itzulera ahalik eta «seguruena» izan dadin lanean ari dira eta «ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzen dien eskubidea» hori dela gaineratu zuen. Itzulera presentziala osasun arloko irizpide zientifikoen araberakoa izanen dela ere azaldu zuen eta ikastetxeak itxita izan diren denboran irakasleek egindako esfortzua eskertu nahi izan zuen. Gisa berean, irakaslearen irudia «erreferente sozial» gisa aldarrikatu zuen,  eta «halako ezohiko egoeratan funtzionario publikoek gizartearen aitzinean lehentasunezko konpromisoa hartu behar dutela» nabarmendu zuen.

Hezkuntza Departamentuko ordezkariek Covid-19aren inguruko txostena ere banatu zieten sindikatuetako ordezkariei. Txostenak, bertzeak bertze, Espainia, Frantzia, Alemania, Dinamarka, Noruega, Australia, Erresuma Batua, Italia eta Portugalen egindako ikerketak ditu oinarri eta horren arabera, helduetan koronabirusaren kontrako antigorputzen prebalentzia tasa %5ekoa da eta haurretan baxuagoa: %2,9koa 5-9 urtekoen artean eta %4,1ekoa 10 eta 14 urtekoen artean.

Bertzetik, irakaskuntza erdi-presentzialaren aukeraren harira, sindikatuek ikasleen alderdi emozionala kontuan hartzeko eskatu zuten eta ekipamendu informatikoen eskaera ere egin zuten. Horri lotuta, Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiak irakasleei 15 orduko formazioa eskainiko dietela aipatu zuen. Bertzetik, Hezkuntza Departamentuan hezkuntza emozionalari lotutako plana egina omen dute eta informatikako ekipamendua eskuratzeko lanean ari omen dira, eskolak streaming bidez segitzeko aukera eskaini ahal izateko. 

Bi milioi euro behar bereziko ikasleen arretarako
Hezkuntza Departamentuko ordezkariak atzo bildu ziren Cermin Ezintasunak dituzten Pertsonen Entitate Ordezkarien Komiteko arduradunekin eta haiei iragarri zieten bi milioi euro bideratuko dituztela hezkuntza-inklusioaren alde onartutako Hezkuntzan aurrera egiteko eta laguntzeko Orientazio eta Errefortzu Programara. Cermineko kideek, euren aldetik, etxean denbora luzez egon ondotik, ikasturte hasieran ikasleen balorazio psikopedagokikoan arreta berezia jartzeko eskatu zieten, baita desgaitasuna duten ikasleen artean musukoaren erabileraren harira behar fisiko eta emozionalak kontuan izateko ere. Horrekin batera, musuko garden bat homologa dezaten lanean ari da Cermin, gisa honetara, ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa eta sozializazioa errazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun