Koronabirusa

Nafarroako ikastetxeetako zuzendariek irakasle gehiago eskatu dizkiote Hezkuntza Departamentuari

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 18a, 09:30

Hezkuntza Departamentuko ordezkariak eta Nafarroako ikastetxeetako zuzendari-taldeetako ordezkariak atzo goizean bildu ziren. Carlos Gimeno kontseilariak adierazi duenez, helburua ikasgeletara itzultzea da, baina «itzulera segurua eta adostuta egin behar da». Gaur Nafarroako Gurasoen Mahaiarekin bilduko dira hezkuntzako ordezkariak eta bihar ikastetxe publikoetan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin.

Ikasturte hasiera aurrez aurreko eskolekin hasteari «ezin zaio uko egin» Gimenoren ustetan. «Helburua» hori dela adierazi du eta «prebentzio neurriak hobetzeko kontigentzia planak etengabe ebaluatzen» ari direla jakinarazi du. Horren harira, hezkuntza alorreko ordezkariekin hainbat bilera eginen ditu aste honetan.

Atzo goizean, erraterako, ikastetxeetako zuzendarien ordezkariak hartu zituen: D ereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak biltzen dituen NIZE elkartea, Nafarroako Institutuetako Zuzendarien Elkartea (ADI), Erriberako Haur eta Lehen Hezkuntzako Zuzendarien Elkartea eta Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako Zuzendarien Elkartea (ADIPNA).

Elkarteko ordezkariek ikasturtea hasi aitzinetik irakasleei Covid-19aren test serologikoak egiteko eskatu zioten Hezkuntza Departamentuari, baita eskolaz kanpoko jarduerak kentzeko eta osasun zentroetako lehen mailako arretako profesionalekin elkarlanerako bide zuzenak bermatzeko ere. Ikasleen zaintza eta arreta hobetzeko irakasle gehiago ere eskatu zituzten.

Gimenok, bere aldetik, ikastetxeetan kasu positiboen aitzinean hartu beharreko neurriak zehazteko protokoloak «hagitz aitzineratuak» dituztela eta aste honetan jakinaraziko dituztela iragarri zuen. Horrez gain, jangela zerbitzua mantenduko dutela ere azaldu zuen, nahiz eta ikastetxeak bigarren egoerara pasa. Oroitarazi behar da Nafarroako Gobernuak Covid-19aren bilakaeraren araberako lau egoera posible paratuak dituela mahai gainean. 1. egoera kutsatzeko arriskua baxua denean eta fokoak kontrolatzeko gaitasuna handia denean ezarriko dena, 2. egoera sektoreka blokeoak aurreikusten dituena, 3. egoera ikastetxeak ixteko alternatiba gisa sektore guztien blokeoa aurreikusten duena eta 4. egoera ikastetxeak itxiko lituzkeena.

Gaur Nafarroako Gurasoen Mahaiarekin bilduko da Gimeno eta bihar, berriz, hezkuntza publikoko ikastetxeetan ordezkaritza duten sindikatuekin. Itunpeko hezkuntzako eta ezgaitasuna duten pertsonen ordezkari diren erakundeetako ordezkariekin ere aste honetan biltzekoa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun