Hezkuntza Departamentuaren Kontigentzia Planean bildu dituzten lau egoera posibleak.
- egoera. Normaltasun berria deitu duten honetan, ikasle guztien irakaskuntza presentziala izanen da, ikastetxeen ohiko lanaldiarekin, garraio eta jangela zerbitzua barne. Haur eta Lehen Hezkuntzako talde egonkorrak finkatuko dira, eta 1,5 metroko tartea mantendu ezin bada, ikastetxe bakoitzarekin aztertuko dira bertze aukerak. Gainerako hezkuntza-etapetan, taldeak pertsonen arteko guttieneko tartea errespetatuz zehaztuko dira, hau da, pertsonako guttieneko azalera 2,25 metro koadrokoa izanen da.
Haur eta Lehen Hezkuntzan, ikasleen arteko distantzia mantendu ezin duten ikastetxeen kasuan, bertzelako espazioak bilatuko dira behar izanez gero, eta gainerako etapetan ikastetxeak hauta dezake gelan maskarak erabiltzea, taldea mugatzea batzuei ikastetxean berean online eskolak eskainiz, edota goizeko edo arratsaldeko txandak ezarriz.
Espezialitate guztietan talde egonkorrak mantenduko dira, banatzeko bitarteko fisikoekin. - egoera: maila guztietan irakaskuntza presentziala mantenduko da, baina lanaldi jarraitua eginen dute ikastetxe guztietan. Garraioa %100ean beteko da, baina ez da jangela zerbitzurik eskainiko. Sektoreak eta bizikidetzako talde egonkorrak blokeatzeko aukera indartuko da eta taldeetako ikasleak nahasten diren espezialitateak kenduko dira.
- egoera: Haur eta Lehen Hezkuntza irakaskuntza presentziala izanen da; gainerako etapetan, berriz, etxeko online modalitatearekin tartekatuko da. Gelako irakaskuntzan, espezialisten sarrera kendu eta espazioak birkokatuko dira.
- egoera: ikastetxe guztiak itxi eta online irakaskuntza eskainiko da, maila bakoitzera egokituta.
Hezkuntza bereziko ikastetxeetan, ikasleek egiten duten hezkuntza-etapa kontuan hartu gabe, 1., 2. eta 3. egoeratako irakaskuntza presentziala bermatuko da.
Planaren helburua, «langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzea» dela adierazi dute Hezkuntza Departamentutik eta horregatik «blokea daitezkeen sektoreen sisteman» oinarritu dira: «modu horretan, agerraldi bat izanez gero, kaltetutako sektore osoa isolatu ahal izanen da eta gainerakoek lanean segitu ahal izanen dute zaintza eta alerta estuko sistemapean».
Haur eta Lehen Hezkuntzaren kasuan, talde egonkorrak definituko dira, ikasleek beti pertsona eta irakasle-talde berekin lan egin dezaten. Talde horietan, gela barreneko mugimendua librea izanen da, hau da, ez da 1,5 metroko segurtasun tarterik mantendu edo maskara erabili beharrik izanen.
Jangela egoera batzuetan
Jangela zerbitzuaren kasuan, 2., 3. eta 4. egoeretan zerbitzua kendu eginen da. Hala ere, ekonomikoki kaltetuak diren familiei jangelarako laguntza eskubidea onartuko zaie. Ikastetxea dagoen herrian bizi baldin badira, menua ikastetxeak jaso ahal izanen dute. Bertze herri batean bizi direnei, beriz, bonu bat emanen zaie.
Maskarak
Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute maskara erabili beharrik izanen. Lehen Hezkuntzan, berriz, talde egonkorrean baldin badaute, ez dute erabili beharrik izanen, baina taldetik kanpo eta pertsona artean 1,5 metroko tartea mantendu ezin denean, bai. Gainerako hezkuntza-etapetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da ezarritako distantzia mantendu ezin bada. Aldiz, ikas-mahaietan eserita eta 1,5 metroko distantziara dauden bitartean, ez da beharrezkoa izanen. Irakasleei dagokienez, maskara erabiltzea borondatezkoa izanen da talde egonkorrarekin daudenean, eta derrigorrezkoa segurtasun-tartea bermatzen ez denean.
Ikastetxe bakoitzak maskara kirurgikoak izanen ditu norbait sintomekin hasten den kasuetarako, eta maskara higienikoak behar dituzten irakasle eta ikasleentzat. Eskola-garraioari dagokionean, 6 urtetik beheitiko ikasle guztiek maskara soinean bidaiatu beharko dute.